Bizitzaz Blai egitasmoa bukatutzat eman dute Errezilen. Trafiko istripuak saihesteko asmoz, heziketa prozesu bat landu dute, eta "oso balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek. Aurrerantzean gaia lantzen jarraituko dute.

Bizitzaz Blai egitasmoaren barruan, testigantzen saioa egin zuten joan den azaroaren 4an. (Hitza)
Azken hamar urteotan Errezilgo bost mutil hil dira istripuz, eta horrek eragiten dien kezkari erantzunez,
heziketa prozesu bat jarri zuten abian udalak, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Harremanak osasun zentroak, urrian. Bukatutzat eman berri dute prozesu hori, eta haren sustatzaile nagusietako batek, Ana Elosegik, balorazio “oso positiboa” egin du.
Batetik, irakasle, guraso eta ikasleekin formazio saioak egin dituzte. Jarraian, testigantzen beste saio bat egin zuten haurrekin, joan den azaroaren 4an. Eta testigantzen ostean, beste saio bana egin zuten ikasle, guraso zein irakasleekin, ondorioak lantzeko eta balorazioak egiteko.
Testigantzen saioa nolakoa izan zen zen azaldu du Elosegik: “Bi zati izan zituen. Lehena teknikoagoa izan zen; ertzainek, suhiltzaileek eta anbulantzietako teknikariek parte hartu zuten. Bigarren zatia hunkigarriagoa izan zen. Jokin Urangak eman zuen lehen testigantza, bere kuadrillako batzuk istripuz hil zirelako, duela 20 bat urte, Azpeitian. Eta hori nola bizi izan zuen azaldu zuen”.
Haren ostean, Elena Rikondo gizarte langileak hartu zuen hitza. Iazko iraileko lau gazteen hiletan familiakoei zer laguntza eskaini zitzaien, eta han zer ikusi zuen azaldu zuen. “Beraiek joan egiten direla eta hemen min handia gelditzen dela…”. Gero, herriko medikuak hitz egin zuen. “Denbora pasatzen denean familiakoei gauzak mugitzen zaizkiela kontatu zuen; batzuek ezin dutela lorik egin…”.
Elosegiren arabera, “oso gertukoa” izan zen saioa. “Profesionalek inguruan gertatutako istripu asko azaldu zituzten, umeen mailan jarrita, baina oso indartsua izan zen. Umeak isilik egon ziren, eta ukituta gelditu ziren”.
Astelehen horretan bertan, antolatzaileak ikasgeletara joan ziren umeek zer jaso zuten ikustera. “Batzuek tristura aipatzen zuten, besteek autoan ez dela horrela ibili behar, mutil izateko era desberdinak daudela, begira zer pasatu zitzaion Ibairi, eta begira zer gertatu zitzaion hari… Aukera izan genuen tristura horretaz hitz egiteko”.
Hausnarketa bat egitea zen helburua, eta Elosegik dio lortu dutela. “Balorazio oso onak egin ditugu; bai klaustroak eta bai gurasoek”. Haren arabera, jendeak asko eskertu du gaia landu izana, bai herrian, eta baita inguruan ere. “Azpeitian ere askok esan digute bazela hau egiteko ordua, eta ea Azpeitian ere zerbait egiten den”. Prozesua bukatutzat eman duten arren, gaia lantzen jarraitzeko asmoa agertu dute.
Egitasmoaren arrakasta beharrak ekarri duela uste du Elosegik. “Proiektuak beharretik egiten direnean askoz ere eraginkorragoak dira, eta nik uste dut honek behar bati erantzuten diola”.