Bizitzaz Blai heziketa prozesuan bere testigantza kontatu zien haurrei Galarragak.

Hamasei urterekin moto istripua izan zuen Jon Galarragak (Goiatz, 1985), eta, ordutik, gurpil aulkian dago.
Trafiko istripuak saihesteko asmoz, Bizitzaz Blai heziketa prozesua landu dute, eta azaroaren 4ko testigantzen saioan bere esperientzia kontatu zien haurrei Jon Galarragak.
Garrantzitsua da horrelako gai bat txikitatik lantzea?
Nik uste dut zenbat eta lehenago hobe dela. Behintzat ez dadila berandu izan.
Zer kontatu zenien haurrei?
Ni nolakoa nintzen lehen: beraiek bezalakoa nintzela, kirola egiten nuela, eta egun batean motoko istripua izan nuela. Abiadura ez zen izan arrazoia, baina posible zela horregatik izatea. Oraingo bizitza nolakoa den ere kontatu nien; zer egin dezakedan eta zer ez.
Nola aldatu dizu bizitza istripuak?
Denetarik egiten dut, baina muga batzuk ditut: koska bat baldin badago, duen neurriaren arabera ezin dut igo. Ikusten duzu hortxe dagoela, baina inpotentzia sentitzen duzu, gauza batzuk ezin dituzulako egin, eta lehen bai. Istripuak asko mugatu nau. Baina autoa badaukat, lagunak badauzkat, bidaiatzeko eta edozein gauza egiteko ez daukat inolako arazorik… Baina, beno, gauza txiki batzuetan asko aldatzen da bizitza.
Kirola ere praktikatzen duzu.
Lehen atletismoan ibiltzen nintzen. Egon nintzen urte batzuk ezer egin gabe, eta orain dela bost urte-edo, bizikletan hasi nintzen. Eta hortxe gabiltza, hemen bertan, Espainian, Frantzian eta alde guztietan.
Denborarekin ikasi egingo zenuen gurpil aulkian bizitzen.
Ospitalean erakusten dizute gehiena. Toledoko ospitalean [Espainia] sei hilabete eman nituen, eta defenditzen erakutsi zidaten. Baina, gero, etxera etorritakoan, gauza gehiago ikusten dituzu, eta moldatu egin behar duzu. Baina, azkenean, ohitzea ez da beste mundukoa. Norberak ere halakoa izan behar du. Beti burua jaten bazaude, eta etxean sartuta, okerrago da.
Zu ez zara horietakoa, ezta?
Ez, ez. Eta ez da izan behar. Lehen nahikoa daukagu, burua jan eta okerrago egoteko. Dagoena onartu, eta aurrera egin behar da.
Familiako batek asko lagundu dizula esan izan duzu.
Bai, lehengusu txiki batek. Txikitan beti batera ibiltzen ginen, ni oinez, eta bera aulkian; berak ezin zuelako oinez ibili. Orduz geroztik banekien gurpil aulkiaren kontu hau nola zen, eta zenbat eta lehen onartu, hobeto. Jaiotzetik dago bera horrela, eta ni istripua izan nuenetik.
Kontu honi buruz hitz egin zenuenean, nola erreakzionatu zuten haurrek?
Ez zeuden adarra jotzeko. Beti izaten dira ume batzuk isilik egoten ez direnak, eta, kasu honetan, ez zen halakorik gertatu. Arretaz egon ziren gehienak, hori sentitu nuen nik behintzat.
Askok tristura sentitu omen zuten.
Azkenean gogorra da horrelako kasuak berritzea. Baina gauzei buelta batzuk emateko, nik uste dut beharrezkoa dela. Komentatu nien orain ere gustatzen zaidala abiadura, baina orain behintzat gehiago pentsatzen dudala ezer egin aurretik. Uste dut horretan lagun diezaiekeela umeei nik kontatutakoak.
Abiadura zalea zara?
Ez naiz inoiz ikaragarrizko abiaduran ibili, baina gustatu egiten zait. Mutilei eta gazteei nik uste gehienei gustatzen zaigula. Nik abiadura probatu baino lehen izan nuen istripua, oso gazterik, eta horrek asko mugatu nau abiadurari dagokionean.
Positiboa da, beraz, horrelako gauzei buruz hitz egitea?
Bai, bai, nik uste dut ona izan daitekeela. Txarra ez behintzat. Hamarretik batek edo bik kasu egiten badigute ere, ona izango da.