Ostiraleko udalbatzarrean pasatu zion lekukoa Nekane Otañok, azken bi urteotan alkate izan denak. Etxebizitza berriak eraiki nahi ditu udalak, biztanleriaren beherakadari aurre egiteko.

Joan den ostiraleko udalbatzarrean hartu zuen alkate kargua Pedro Mari Otaegik. (Beizamako Udala)
Pedro Mari Otaegi da Beizamako alkate berria. Joan den ostiral goizean egindako udalbatzarrean pasatu zion lekukoa Nekane Otañok, orain arte kargu horretan izan denak. Beizamako bi herri plataformak Aurrena Beizama Bai izenean aurkeztu ziren azken udal hauteskundeetara, eta orduan erabaki zuten alkatetza bi urte pasatutakoan aldatzea. Horregatik, azken bi urteotan Otaño izan da alkate, eta Otaegik egingo ditu kargu horretan agintaldia amaitzeko falta diren beste bi urteak.
Agintaldia hasi zenean, alkatea bi urtetik behin aldatzea erabakitzearekin batera, erdietsi zuten alkatetzan zegoenaren plataformako zinegotzi batek kargua utzi eta beste batek hartzea. Era horretan, alkatetzan dagoenaren aldeak gehiengoa ez edukitzea eta erabakiak hartzeko orduan adostasun batera iristea lortu nahi izan dute. Beraz, orain Irune Etxeberriak zinegotzi kargua utzi du eta beste lagun batek hartuko du haren lekukoa; hautagai bat badagoen arren, oraindik formalki itxi gabe dago zein izango den.
Otañoren balorazioa
Otañok azaldu duenez, Beizamako Udalak hainbat lan egin ditu azken bi urteotan: besteak beste, ur araztegia egin, herriko arau subsidiarioak martxan jarri, peletaren inguruko arazoak konpondu, haurtzaindegiko eta natur eskolako energia arazoak konpondu, aterpetxeko eta udaletxeko eraikinean konponketak egin, haurrentzat parke estalia eraiki, hiru kilometroko ibilbidea sortu –Beizamako aurreko belaunaldiko istorioak panelen bidez ezagutarazteko–, baserri bide batzuk konpondu, baserri batera edateko ura gerturatu, elurra kentzeko makina eskuratu eta garraio publikoaren maiztasuna handitu.
Haren arabera, “Beizamako egoera hobetzeko” asmoarekin jardun du udalak lanean azken bi urteotan. “Herri txikia izanik, ahalik eta baliabide gehien lortzea izan da lehentasuna, ahalik eta proiektu berri gehien gauzatzeko”, adierazi du.
Azken urteotan biztanleriak herrian izan duen beherakadak “kezka” eragiten dio Otañori, eta egoera horri aurre egiteko, etxebizitza berriak eraiki nahi ditu udalak. “Garbi dugu jende gaztea dela giltza, eta haiek erakartzeko interesgarria da etxebizitza ekonomikoak eskaintzea. Hori dela eta, gure helburua prezio baxuko etxebizitza berriak eraikitzea da”. Etxebizitza berri horiek herriaren erdigunean eraikitzea gustatuko litzaioke Otañori, “herrigunea berpizteko”.
Dena den, udalak bakarrik ezingo lioke eraikin berri horien gastuei aurre egin, beste erakunde publiko batzuen laguntza beharko luke. Otañoren esanetan, “ezinbestekoa” da erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, eta dagoeneko ari dira zeregin horretan. Horrez gain, herritarrentzat lanpostuak sortzea garrantzitsua iruditzen zaio orain arte alkate izan denari.