Gaur bertso saioa izango da Orkatzen, eta uztailaren 5a arte askotariko hainbat hitzordu izango dute.
Orkatz Kultur Elkarteak 24 urte bete ditu aurten, eta urtero egin bezala, egitarau berezia prestatu dute urtemuga ospatzeko. Atzo, osteguna, gauean estreinatu zuten, hain zuzen ere, uztailaren 5era arte luzatuko den ekitaldi sorta. Pettiren ospakizunaren hasi zituzten ospakizunak, Orkatz tabernan.
Bertsoak, musika, bazkaria
Gaur, berriz, bertso saioa izango da, toki berean, 22:30ean hasita. Julio Soto, Amets Arzallus, Iker Zubeldia eta Oihana Labiano gazte azpeitiarra ariko dira bertsotan Orkatzen; Gurutze Oiarzabal izango da gai jartzailea.
Bihar, 24. urteurrenaren barruko lehen ekitaldiak Sanagustin kulturgunean eramango dituzte. Han, 14:30ean, bazkaritan elkartuko dira Orkatzeko kideak eta lagunak; bazkalondoan, berriz, Iagomagoren magia ikuskizunarekin gozatzeko parada izango dute. Zapatu arratsaldean eta gauean, Orkatzera itzulita, musikak hartuko du lekukoa: 18:30ean Joseba B Lenoir, eta 22:30ean Autobus Magikoa igoko dira oholtzara.
Asteburu oparoa agurtzeko, igande gauean euskal kantuen bueltan elkartuko dira Orkatzen, 22:00etatik aurrera. Asteazkenean izango da azken hitzordua, 19:00etan, Mikromatxismoa eta tabernetako jarrerak mahai inguruarekin eta tailerrarekin.
Pegatina erakusketa
Urteurrena borobiltzeko, egunotan Orkatz tabernan sartzen direnek dozenaka pegatinarekin osatutako erakusketa ere ikus dezakete. Azken hamarkadetan Euskal Herriko festa eta asanblada ezberdinetakoak dira.