Urrezko Laguntzaileak kanpaina hasiko du Iraurgi SBk, babesleak lortzeko
Azkoitiko eta Azpeitiko denda, taberna eta jatetxe guztiei zuzenduko zaie astelehenean martxan jarriko duten egitasmoa.
Iraurgi Saskibaloiak Urrezko LEB Ligan jokatuko du datorren denboraldian, Espainiako saskibaloi txapelketen bigarren mailan. “Iraurgi SB eta Azpeitiko eta Azkoitiko herriak inoiz izan duten kirol erronkarik handienaren aurrean” daudela iritzita, babesleak lortzeko kanpaina martxan jartzea erabaki dute Iraurgikoek.
Urrezko Laguntzaileak izenarekin, astelehenean, uztailak 10, hasiko dute Azkoitiko eta Azpeitiko denda, taberna eta jatetxe guztiei zuzenduko zaien egitasmoa. “Urrezko Laguntzaile egiten denak klubaren erronkarekin bat egingo du eta, eskainitako diru laguntzaren truke, ekimenaren sustatzaile izatearekin batera, hainbat abantaila lortuko ditu”, azaldu dute kanpainaren arduradunek.