
Orioko trainerua Petronor Banderan lehian. (Euskolabel Liga)
Urdaibairi lidergotza sendotzeko balio izan dio gaurko estropadak, XXXIV. Petronor Banderak. Zierbenan jokatu dute Eusko Label Ligako hamargarren jardunaldia, eta garaipen horrekin bermeotarrek 3 puntuko abantaila atera diote Hondarribiari sailkapen orokorrean.
Biak ala biak Ohorezko Txandan lehiatu dira, Orio eta Kaikurekin batera, hirugarren txandan. Lauak saiatu dira Zierbenak bigarren txandan egindako denbora (19:42,90) hobetzen, baina bik bakarrik lortu dute: Urdaibaik eta Hondarribiak. Hala, Kaikuk laugarren egin du, eta Oriok, berriz, bosgarren.
Hona hemen gaurko estropadako sailkapena:
- Urdaibai 19:35,74
- Hondarribia 19:39,48
- Zierbena 19:42,90
- Kaiku 19:45,44
- Orio 19:46,50
- Tiran 20:07,38
- San Juan 20:07,66
- Ondarroa 20:08,72
- Cabo 20:10,28
- San Pedro 20:11,10
- Astillero 20:21,26
- Ares 20:22,94
Eusko Label Liga abiatu zutenetik, astebururo izan dituzte estropadak. Zierbenan, 10. jardunaldia jokatu ondoren, atseden hartuko dute TKEko arraunlariek. Hurrengo hitzordua abuztuaren 12an izango dute, Hondarribiako XXX. Banderan lehiatzeko.
Emakume oriotarrak hirugarren
Euskotren ligakoek ere Petronor Bandera izan dute jokoan gaur Zierbenan, kasu honetan, bigarrengoa. San Juan nagusitu da eta ligako sailkapen orokorrean 4 puntuko aldea atera dio Hibaikari. Gaurko jardunaldian bigarren egin dute errenteriarrek, hirugarren oriotarrek eta laugarren Donostiako Arraun Lagunakek.
Hona hemen gaurko jardunaldiko emaitzak:
- San Juan 10:41,20
- Hibaika 10:46,28
- Orio 10:55,24
- Arraun Lagunak 11:08,74
Emakumezkoek ere atseden hartuko dute gaurko jardunaldiaren ondoren, abuztuaren 19ra arte. Egun horretan jokatuko dute IX.Zarauzko Ikurriña.
Getariarrak laugarren XXXII. Correo Ikurriñan
Getariarrek laugarren egin dute gaur Lekeitin, XXXII. Correo Ikurriñan. Zarauztarrek, berriz, seigarren egin dute; zumaiarrek zazpigarren eta oriotarrek hamaikagarren. Getariako eta Zarauzko traineruek bigarren txandan hartu dute parte, eta getariarrek txandako denbora onena (21:20,75) egin dute. Zarauztarrak eta oriotarrak–lehenbiziko txandan lehiatu dira– hirugarren izan dira euren txandetan, eta zumaiarrak, berriz, laugarrenak–Ohorezko Txandan, hirugarrengoan, lehiatu dira–.
Hona hemen KAE 1 ligako gaurko jardunaldiko sailkapena:
- Donostiarra 20:58,41
- Santurtzi 21:01,28
- Lekeitio 21:06,49
- Getaria 21:20,75
- Deusto 21:34,89
- Zarautz 21:39,50
- Zumaia 21:41,76
- Pedreña 22:00,36
- Arkote 22:03,05
- Portugalete 22:12,64
- Orio 22:30,87
- Hondarribia 23:13,94