Zubietako errauste plantaren afera gizarteratzea eta salatzea da hitzaldi biraren asmoa. Intxaurrandieta eta Meltxor arituko dira solasean Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Apirilaren 12an epaituko dituzte Iñaki Errazkin Ingurupen ditupatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohia Madrilgo kontu auzitegian.

Errazkin, Intxaurrandieta eta Meltxor, Sanagustin kulturgunean eskainitako ‘Angula ustelak’ hitzaldian. (Maialen Etxaniz)
Madrilgo Kontu Auzitegiak Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohia epaituko ditu datorren apirilaren 12an, 2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik. Afera hori gizarteratzeko eta salatzeko, Gipuzkoa Zutik herriz herri hitzaldiak ematen ari da, Angula Ustelak egitasmoaren bidez, eta astelehenean Zestoan egingo du geldialdia, Zuekin gaude. Norbait epaitzekotan, epaitu ditzatela politikari ustelak lelopean.
Asteleheneko saioan Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Meltxor kazetaria arituko dira hizketan, 19:00etan hasita, Zestoako Kultur Etxean. Hizpide izango dituzte, besteak beste, Gipuzkoan abiatutako zenbait ustelkeria kasu eta horien aurrean komunikabideek nahiz politikariek erakutsitako jarrera, errauste plantaren aferaren kronologia eta epaiketara begira dituzten sentsazioak.
Joan zen martxoan Azpeitian eskaini zuten Angula Ustelak egitasmoaren barruko hitzaldia. Orduko hartan, ehun lagun inguru bertaratu zen Sanagustin kulturgunera. Hemen hitzaldiaren kronika.
Bihar, apirilak 7, manifestazioa egingo dute Azpeitian Errazkini eta Intxaurrandietari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioa 18:30ean abiatuko da plazatik. Herriko hemezortzi eragilek eman dute beren atxikimendua biharko manifestaziorako. Horiez gain, Azpeitiko EH Bilduk sustatuta, azken 35 urteetako agintaldietan ardura instituzional eta politikoa izan duten Azpeitiko zenbait herritarrek agerraldia egin zuten bi auzipetuei babesa agertzeko. Auziaren harira UROLA KOSTAKO HITZAk Errazkini egindako elkarrizketa, hemen.