Ehundik gora xake jokalari elkartu ditu V. Gaztedi xake txapelketako finalak. Azpeitiko Xaputarrak taldeko jokalariek ere gogotik gozatu dute xakearen bueltan sortutako festaz.
Gipuzkoako xakelarien topagune izan zen Azkoitia atzo, hilak 17. Izan ere, Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak eta Gipuzkoako xake federazioak antolatuta, Gaztedi sariketako finalak jokatu zituzten Azkoitiko Gurea pilotalekuan,
Izan ezberdin lelopean. Orotara, adin guztietako 109 xake jokalarik hartu zuten parte xake sariketaren finalean, bi kategoriatan banatuta. Txikien kategorian 16 taldek hartu zuten parte, eta Zurriola A taldea izan zen nagusitu zena. Handien mailan, aldiz, zortzi taldek eman zuten izena, eta Gros A taldeak irabazi zuen finala. Azpeitiko Xaputarrak taldeko xake jokalariek Handiak kategorian hartu zuten parte, eta seigarren amaitu zuten sailkapen orokorrean.
Azkoitiko eta Azpeitiko xake jokalariez gain Eibar, Hondarribia, Donostia, Arrasate, Irun eta Beasain herrietatik etorritako lagunek parte hartu zuten Azkoitian egindako xakearen festan. Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira atzoko hitzorduak izan zuen harrerarekin, eta “arrakasta itzela” izan zuela azpimarratu dute.