ETB1ek zuzenean emango ditu emakumezkoen estropada saioak gaur arratsaldean eta bihar eguerdian.

Sanpedroen lehen egunean aurkeztu zituen Oriok bere hiru traineruak, tartean emakumeena (Karkara.eus)
Hamabi traineru, eta lau postu. Gaur eta bihar egingo dituzte arraunean Euskotren ligarako sailkapen estropadak. Orio izango da eskualdeko ordezkari bakarra, eta txarteletako bat lortzeko gogor borrokatuko dute neskek.
Portugaleten, gaur arratsaldean, erlojuaren aurka ariko dira arraunlariak. ETB1ek zuzenean eskainiko du lehen estropada hori, 18:00etan. Bihar, berriz, Zierbenan jokatuko dute, eta orduan jakingo da zein lau ontzik lortuko duten Euskotren ligarako tokia (11:45, ETB1).
Bi egunetan lorturiko puntuen arabera, lau aurrenekoek izango dute aukera ligako beste hamabi estropadetan aritzeko.
San Juan eta Orio faborito
Aitor Manterola kazetariak gaur Berria-n idatzi duenez, lanik errazena San Juanek dauka, iazko txapelduna izateagatik. Gaur edo bihar aurreneko bostetan egitea nahikoa izango du sailkatzeko. Beste 11 taldeek ez dute halako abantailarik edukiko. Pasaitarren atzetik, edo aurretik zergatik ez, Oriok dauzka aukera gehien sailkatzeko. Aurrerapausoa eman du aurten ere taldeak, eta faboritoa da.
Kontuak kontu, biharko estropada amaitu arte ez da jakingo zein taldek jokatuko duten aurten emakumezkoen ligan.