
Iaz, korrikalari bat Azpeitira iristen, Ehunmilak proban. (Hitza)
Ehunmilak, G2Haundiak eta Marimurumendi mendi lasterketetak jokatuko dituzte asteburuan. Beasainen hasi eta bukatuko dira hiru probak, eta horietako bat, Ehunmilak, eskualdetik igaroko da. Hain zuzen ere, Azkoititik, Azpeititik eta Errezildik igaroko dira bertan parte hartuko duten kirolariak. 168 kilometro eta 22.000 metroko desnibel metatua ditu Ehunmilak probak, eta inguruko tontorrik adierazgarrienetakoak igoko dituzte korrikalariek: besteak beste, Aizkorri, Txindoki, Ganbo, Irimo, Erlo eta Ernio. 473 korrikalarik parte hartuko dute aurten proban, eta horien artean izango dira eskualdeko hainbat kirolari.
Bihar, ostirala, 18:00etan hasiko da lasterketa Beasainen, eta Mandubitik sartuko dira kirolariak eskualdera, 19:00etatik 20:00etara bitartean. 21:10ean iritsiko dira lehen korrikalariak Elosura; azkenak, berriz, 00:20 aldera igaroko dira Azkoitiko auzotik. Ondoren, Madariagara joango dira kirolariak; 22:35ean iritsiko dira lehenak hara, eta, azkenak, 03:45ean. Xoxotetik behera jaitsiz, 23:50 aldera igaroko dira korrikalari azkarrenak Azpeititik eta goizaldera arte jarraituko dute pasatzen parte hartzaileek, 07:45 aldera arte. Ondoren, Arauntza ingurutik gora jarraituko dute bidea, Zelatunen jarriko duten hurrengo kontrol gunera arte; 01:40an iritsiko dira Zelatunera lehen korrikalariak, eta 10:00 aldera azkenak.
Ikusleek une oro jarrai ditzakete lasterketak
ehunmilak.com webgunean eta beraien sare sozialetan.