Harrobiko arraunlaria da Imanol Eizagirre (Zarautz, 1996). Infantiletatik dabil Zarautz Arraun Elkartean, eta aurtengoa bosgarren urtea du Enbata traineruan arraun egiten.
Asteazkenean bandera irabazteko zorian izan zineten Plentzian. Nola bizi izan zenituzten une horiek?
Ilusio handiarekin. Gu geure estropada egitera atera ginen, geure lana egin genuen eta ikusi genuen hor aurrean kokatzeko aukerak genituela. Ohorezko txandakoen zain egon ginen, eta denborak jasotzen joan ahala, gero eta urduriagoa. Azkenean ezin izan genuen bandera lortu, baina gustura geratu ginen egindako lanarekin.
Ez al zenuten amorrurik sentitu?
Alde batetik, pena pixka bat sentitu genuen. Bestetik, ordea, oso gustura… Sinatuko genuke denboraldi hasieran horrelako emaitza bat lortzea. Hor egote hutsa, bandera irabazteko lehia horretan, kristorena da guretzat.
Aurreko asteburuan hirugarren sailkatu zineten Astilleron, eta aipatu bezal, asteazkenean bigarren Plentzian. Etxean irabazte tokatzen al da?
Gogoz aterako gara, gainerako estropadetan bezalaxe, gure lana ongi egitera. Gure lana ongi eginez gero, erakutsi dugu hor aurrean egoteko gai garela. Badaude ontzi batzuk gu bainbo koska bat gorago daudenak, baina saiatuko gara ahalik eta estropada onena osatzen, eta ea posible den! Gure txanda irabaztera uretaratuko gara. Ez da erraza izango, Pedreñak gauzak ez baitizkigu erraz utzi, eta haiek ere lehiatzeko prest etorriko dira.
Liga amaiera oso indartsua egiten ari zarete. Zein izan da horren fresko iristeko gakoa?
Neguan lan pixka bat izan dugu trainerua osatzeko orduan, baina denboraldia aurrera joan ahala traineruaren blokea osatzen joan gara, eta bloke on bat osatu dugunean emaitzak etorri dira. Gero, egin dugun prestaketa ere agian bukaerarako begira landu da. Gure helburua zen bigarren txandan borroka egitea, eta ez genuen espero orain lortu ditugun aurrekaldeko postu hauetan ibiliko ginenenik.
Bosgarren zaudete orain sailkapen orokorrean. Zeintzuk dira hemendik aurrerako asmoak?
Hasieratik sinatuko genuke bosgarren postu hau; eta laugarren postua jada urruti geratzen zaigu. Gure helburu hasieratik bigarren txandan egonkortzea zen, eta estropadaz estropada joatea, gure lana eginez eta esperientziarekin ikasiz.