Bihartik abenduaren 2ra ospatuko dute Errezil Sagarraren Astea, eta hitzaldiek, sukaldaritza tailerrek, pintxo poteak eta azokak hartuko dute haren egitaraua.

Ohi bezala, Errezil Sagarraren Azokarekin amaituko dute egitasmoa. (Hitza)
Udazkenarekin batera iritsi ohi da sagar uzta, eta urtero bezala, sasoi horren bueltan Errezil Sagarraren Astea egingo dute Errezilen, Ibarbi Sagarra taldeak eta Errezilgo Azoka elkarteak antolatuta. Errezilen nahiz inguruko herrietan hain preziatua den fruitua oinarri hartuta, bihartik aurrera hainbat ekintza izango da herrian.
Askotariko saioek hartuko dute Errezil Sagarraren Astea, baina aurten berrikuntza nabarmena izango du egitasmoak. Izan ere, Ibarbi Sagarra taldeak Errezil Sagarraren ibilbidea sortu du herrian barrena, eta hura inauguratuko dute Errezil Sagarraren Astearen barruan. Joxerra Agirre Ibarbi Sagarra taldeko kideak jakinarazi duenez, hiru kilometro eta erdi ditu ibilbideak, eta herriko sagastietatik igarotzen da. “Taldearen helburua da Errezil Sagarra ikertzea, garatzea eta zabaltzea. Inguruan ezaguna da sagar mota hori, baina oraindik eta gehiago ezagutarazi nahi dugu”. Helburu horri jarraituz sortu dute ibilbidea, eta herria eta sagarra lotzeko saiakera egin dute ekimenaren bidez. Horretarako, ibibidean zehar sei panel jarri dituzte, bakoitza gai jakin bati buruzkoa: herriko festak eta kultura; sagarra; Hernio; sagar etxea; baserriak; errotak eta turbinak; eta ermitak.
Hain zuzen ere, herriaren eta sagarraren izena indartu nahi dute antolatzaileek, eta horretarako, sortu berri duten ibilbideari, herriko ezaugarri nagusiei eta Hernioko eta inguruko ibilbideei buruzko beste hiru panel jarri dituzte herriko plazan.
Koldobika Jauregi eskultoreak diseinatu du ibilbidea, eta hura markatzearen ardura Gipuzkoako Mendi Federazioak izan du. Jauregik, gainera, sagar itxurako hiru eskultura egin ditu, eta herriaren bi sarreretan eta plazako paneletako baten gainean jarri dituzte lanak. Errezil Sagarraren Astearen barruan, abenduaren 1ean, aurkeztuko dute hori guztia, eta Jauregi zein Juan Jose Eizmendi
Loidisaletxe bertsolari errezildarra izango dira inaugurazioan.
Ohi bezala, Errezil Sagarraren Azokarekin itxiko dute Errezil Sagarraren Astea. Mende laurden inguru da herriko baserritarrek azoka egiten dutela, Ibarbia sagarra saltzeko asmoz. Azken urteetan, jai giroan egiten dute azoka hori, eta sagar eta sagarkiz osatutako postuak jartzeaz gain, herritarrak erakartzeko beste hainbat ekintza gauzatzen dituzte: besteak beste, sagar muztioa nola egiten den ikusteko eta hura dastatzeko aukera izango da azokan, eta gaztaina erreak, artisautza postuak eta sagar dultze lehiaketa herrikoia izango dira. Gainera, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa bertan izango da, eta herritarrek hari nahibeste galdera egiteko aukera izango dute.
Azokan postua jarri nahi dutenek dendara joanda edo 943-15 12 36 telefonora deituta eman beharko dute izena. Sagar dultze lehiaketan parte hartu nahi duenak, berriz, egunean bertan eraman beharko ditu jakiak.
Sagar-uzta “kaskarra”
Baserritarrek dagoeneko bildu dute aurtengo sagar-uzta, eta, iaz ez bezala, ezkor daude jaso dutenarekin. Izan ere, Agirreren esanetan, “kaskarra” izan da aurtengo sagar-uzta. “Aurreko urtean sagar ugari jaso genuen, eta halakoetan ohikoa izaten da hurrengo urtean errekolta eskasa izatea”, azaldu du. Irure Txiki baserrikoa da Agirre, eta aurten sagar gutxi bildu dutela azpimarratu du: “Iaz, 5.000 kilo sagar jaso nituen, eta aurten 200 kilo besterik ez”. Baserritarraren ustez, “egoera orokorra” da hori, eta uzta txarra izateak ekonomikoki “asko” eragingo diela azpimarratu du.
EGITARAUA
-
Bihar, ostirala21:00. Baserrietako izena eta abizenak hitzaldia, Josu Tellabiderekin, Borondegin.
-
Azaroak 28, asteazkena19:00. Xabi Eizagirre Elikaguneko sukaldariarekin hiru orduko ikastaroa, Erniope elkartean.
-
Azaroak 30, ostiralaArratsaldean, sagarrez egindako pintxoekin pintxo potea.
-
Abenduak 1, larunbata11:00. Errezil Sagar Ibilbidearen aurkezpena eta inaugurazioa, Koldobika Jauregi eskultorearekin eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariekin.
-
Abenduak 2, igandea10:00-14:00. Errezil sagarraren azoka: sagar eta sagarki postuak, artisauak, sagar dultze lehiaketa herrikoia, sagar muztioaren elaborazioa…