
Mikel Elorza txirrindularia. (Mikel Elorza)
Umea zenetik, pedalei lotuta egon da Mikel Elorza (Azkoitia, 1991) txirrindularia. 12 urte zituenean hasi zen horretan lehiatzen, eta azken bi denboraldiak profesionaletan egin ditu nazioarteko hainbat taldetan, baina aurrerantzean bestelako egoera bati egin beharko dio aurre. Izan ere, txirrindularitza uztea erabaki du azkoitiarrak.
Iazko martxoan, Dominikar Errepublikako Inteja Dct taldearekin kontratua sinatu zuen urtebeterako, eta horrek beste urte bat profesionaletan aritzea ahalbidetu zion txirrindulariari. Abenduan amaituko zaio kontratu hori, baina abuztuan dagoeneko bukatu zuen denboraldia, eta azkoitiarrak adierazi duenez, ordutik beste hainbat talderekin hizketan aritu da. Ordea, ez du aurkitu talderik, eta arrazoi horrek eraman du txirrindularitza uzteko erabakia hartzera: “28 urte ditut, eta egun, ganorazko kontratuak eduki nahi ditut. Ekonomikoki baldintza onak edukitzea ez ezik, nire nahia da txirrindularitza bete-betean praktikatzea. Izan ere, azken bi urteetan lasterketa gutxitan parte hartu dut, eta horrek ere atzera bota nau”, gaineratu du.
Elorzaren esanetan, “asko pentsatutako erabakia” izan da, eta aitortu du “zapore gaziarekin” agurtuko duela txirrindularitza. “Oraindik gaztea naiz, eta ez dut behar bezala lehiatzeko aukera izan azken urteetan. Baina hala suertatu da, eta egin ditudan lagunekin gustura nago”.
Azkoitiarrak txirrindularitza du pasio, eta lehiatzeari utziko badio ere, beste modu batera jarraituko du zaletasun horretan. “Zalantzarik gabe, txirrindularitzaren munduan jarraituko dut aurrerantzean ere”.