Getariako Cristobal Balenciaga museoa eraikitzeko obrekin lotutako epaiketan hiru auzipetuetatik bik deklaratuko dute: Mariano Kamio Getariako alkate ohiak eta Rolando Pacel arkitektu kubatarrak. Epaiketa apilaren 17rako amaituko da.

Iazko azaroan bederatzi urte beteko dira Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak Getariako Balentziaga museoa eraikitzeko obren inguruko ustezko irregulartasunen auziarekin aurrera egitea erabaki zuenetik. Epaiketaren ordua heldu da.
Gaur abiatu da Balentziaga auziaren epaiketa, Donostiako 2. zigor epaitegian. Auzipetuak hiru dira: Mariano Kamio, Julian Argilagos eta Rolando Paciel Gonzalez. Kamio EAJtik Getariako (Gipuzkoa) alkate izana da, Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarteko kudeatzailea; Argilagos, berriz, Balentziaga Museo proiektuaren arkitektoa izan zen; eta Paciel Gonzalez —arkitektoa hori ere—, Argilagosen proiektua burura eraman zuena.
Donostiako epaitegira hsartu aurretik, Mariano Kamio Balentziaga auziko akusatu nagusiak esan du “oso lasai” dagoela, eta “kontzientzia garbi” duela.

Getariako alkate ohi Mariano Kamio. (Egilea: Aritz Mutiozabal)
1999an sortu zuten Getarian Balenciaga Fundazioa. Cristobal Balentziaga jostunaren inguruko museoa egitea zuen helburu fundazioak. Getariako alkate zen Mariano Kamiok urte hartan bertan kontratatu zuen Julian Argilagos. 2001eko apirilaren 22an jarri zuten museoaren lehen harria, sinbolikoki. Sei milioi euroko inbertsioa aurreikusten zuten museoa egiteko. Kopurua, baina, boskoiztu egin zen, museoa 2011ko ekainean zabaldu zutenerako inbertsioa 30 milioi eurora igo zen.
Auzipetuak hiru badira ere, bik deklaratuko dute epaiketan: Kamiok eta Pacelek. Hirugarrena, Argilagos, Miamira (AEB) joan zen bizitzera 2005ean, auzi-ihesean dago 2017tik; ez da espero bertaratuko denik.
Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta 2.234.448 euroko kalte ordaina eskatu ditu Kamiorentzat. Kudeaketa desleiala, bidegabeko jabetzea, merkataritza agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten dizkio. Argilagosen kontrako zigor eskaera, berriz, lau urtekoa da, eta dirutan, 2.077.189 eurokoa. Kudeaketa desleiala eta arlo profesionalean bidegabe sartzea egozten dio. Pacielen kontra soilik lau hilabeteko isun bat eskatu du —3.600 euro—. Arlo profesionalean bidegabe sartzea egozten dio. Fiskaltzaren eskaera berberak egin dituzte herri akusazioek ere (Balentziaga Fundazioak eta Berroeta Aldamarrek).
Epaiketako lehen saioan Kamio eta Pacel auzipetuez gain, bi ertzainek ere deklaratuko dute. 36 pertsona daude deituta lekuko gisa deklaratzera, eta zortzi aditu-froga egingo dituzte. Apirilaren 17rako bukatuko da epaiketa.