Botoen %55,36 jaso ditu EH Bilduk, %40,54 EAJk, eta % 1,84 PSE-EEk. Sei zinegotzi eskuratu ditu koalizioak, eta bost jeltzaleek. Mikel Arregi izango da Zestoako alkatea datozen lau urteotan.

Mikel Arregi Zestoako EH Bilduren zerrendaburua. (Julene Frantzesena)
Zestoan EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak. 1.083 boto jaso ditu (%55,36) koalizioak, eta EAJk izan da bigarren indarra, 793 (%40,54) botorekin. PSE-EEk, berriz, 32 boto jaso ditu (% 1,84). Bestalde, 44 boto zuri jaso dituzte (%2,24), eta 19 boto izan dira baliogabeak (% 0,96). 11 zinegotzik osatzen dute Zestoako Udalbatza; sei zinegotzi eskuratu ditu EH Bilduk, eta bost EAJk. 29 botorengatik ez du eskuratu EH Bilduk zazpigarren zinegotzia.
Botoa ematera deituta zeudenetatik % 71,49k eman dute botoa gaurko udal hauteskundeetan; hau da, 1.975 herritarrek. 2015eko udal hauteskundeetatik % 2,89 egin du gora parte-hartzeak.
Orain arte, EAJ zegoen Udal Gobernuan, baina datozen lau urteotan Mikel Arregi EH Bilduren zerrendaburua izango da alkate. 2015eko udal hauteskundeetan, EAJ gailendu zen Zestoan, botoen %49, 37 jasota (907 boto). EH Bildu izan zen bigarren indarra, botoen %47,90rekin (880 boto); PSE-EEk %2,18ko (40 boto) babesa jaso zuen, eta PPren aldeko botoak hamar izan ziren, (%0,54). Azken agintaldian, EAJk sei zinegotzi izan ditu udalean, eta EH Bilduk bost.
Foru eta Europako hauteskundeak
Europako hauteskundeetan, EH Bildu-Orain Errepublika nagusitu da Zestoan, 764 botorekin (% 47,48); EAJ izan da bigarren indarra, 611 botorekin (% 37,97); 101 %( 6,27) herritarrek bozkatu dute Podemos, eta PSOEk 80 boz (% 4,97) eskuratu ditu. Bestalde, Juntsek 11 boto jaso ditu (% 0,68), Pacmak zortzi (% 0,49), Voxek lau (% 0,24), PPk hiru (% 0,18) eta Ciudadanosek bat (% 0,06).
Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozetan, berriz, 974 boto eskuratu ditu EH Bilduk (%50), 798 EAJk (% 40,96), 90 Podemosek (% 4,62), 56 PSE-EEk (% 2,87) eta 4 PPk (%0,2).