Memoria txarteldun kamera digitala edo kameradun telefono mugikorra duen edonork parte har dezake rallyan, eta horiek hilaren 20ra bitartean edo egunean bertan eman beharko dute izena. Antolatzaileek bost gai proposatuko dituzte egunean bertan, eta bost sari banatuko dituzte gero.

F11 Zestoako argazki elkarteak Argazki Rallya antolatu du seigarren urtez. Ekainaren 23an egingo dute rallya, eta argazkilariek hilaren 20ra bitartean izango dute han parte hartzeko izena emateko aukera, zestoa.argazki@gmail.com helbidera idatzita. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, Portale kultur elkartean, 09:00etatik 09:30era bitartean. Parte hartzaileek 10 eurotan dute izen-ematea, baina 16 urtetik beherakoek doan izango dute. Argazkilariek egunean bertan ordaindu beharko dute, Portalen.
Memoria txarteldun kamera digitala edo kameradun telefono mugikorra duen edonork parte har dezake txapelketan. Rallyaren egunean bertan, proba hasterako bost gai proposatuko dituzte antolatzaileek, eta argazkilariek horien inguruko irudiak hartu beharko dituzte. Argazkilariek memoria txartela hutsik eduki behar dute, eta horiek zuri-beltzean edo koloretan, editatu gabe, JPG formatuan eta ahalik eta kalitate onenean atera behar dituzte argazkiak. Goizean zehar atera beharko dituzte argazkiak, eta antolatzaileek ohartarazi dute irudiek duten datari arreta jarriko diotela. Portale kultur elkartean amaituko da rallya, 13:30ean, eta parte hartzaileek antolatzaileen ordenagailuan argazkiak deskargatu beharko dituzte ordu horretarako. Gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango dituzte, eta debekatuta izango dute irudiak manipulatzea.
Ekainaren 30era baino lehen, berriz, gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta zestoa.argazki@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte argazkilariek, partaide eta gai bakoitzerako aukeratu duen argazkiaren zenbakiak zehaztuz. Antolatzaileek ez dute zehaztu noiz emango duten saridunen berri.
Bost sari
Epaimahaiak, bestalde, argazkilarien eta argazkien berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko dituzte kontuan, eta guztira, bost sari banatuko ditu elkarteak: Bilduma onenaren saridunak garaikurra eta 100 euro irabaziko ditu; bigarren bilduma onenaren saridunak, berriz, garaikurra eta 75 euro; hirugarren bilduma onena irabazten duenak garaikurra eta 50 euro; herriko lehen ez sarituak garaikurra eta 25 euro eskuratuko ditu; eta lehen gaztetxoak ere garaikurra eta 25 euro irabaziko ditu.