
Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Xake Federazioak antolatuta, Gaztedi Txapelketa ari dira jokatzen azken hilabeteetan Gipuzkoako hainbat txokotan, eta txapelketaren finala jokatuko dute datorren igandean, hilaren 16an, Azkoitian. Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake taldeak du azken norgehiagoka prestatzeko ardura, eta taldeak jakinarazi duenez, lurraldeko 32 talde lehiatuko dira igandeko finalean.
10:00etan hasiko dira xake partidak, Gurea pilotalekuan. Eskualdeko zein Gipuzkoa osoko xake jokalariek parte hartuko dute norgehiagoketan, eta besteak beste, Azkoitiko, Azpeitiko, Zarauzko, Zumaiako Irungo, Hondarribiko, Donostiako, Hernaniko, Beasaingo, Lazkaoko eta Arrasateko taldeak ariko dira jokoan. Lau eta sei jokalari bitarteko taldeak osatu dituzte horiek, eta bi kategoriatan banatuta jokatuko dituzte finaleko partidak: Handiak eta Txikiak. Era berean, aurten jokorako sistema berria izango finalak, eta bost txandako suitzar erara jokatuko dute, parte hartzaileek aukera gehiago izan dezaten amaierara arte jokatzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, parte hartzaileak autobusez iritsiko dira Gureara, eta horien senideek ere han hartuko dituzte. Era berean, udalak aparkamendu gehiago egokituko ditu Oteiza frontoietan.
Aniztasuna eta giroa, eskutik
Anaitasuna Kakute taldearen esanetan, txapelketaren helburua da aniztasuna bultzatzea eta gazteen artean “giro ona” sortzea. Izan ere, Gaztedi Txapelketan jokalariek beraiek osatzen dituzte taldeak, haien jatorrizko herria eta kluba kontuan hartu gabe. Hori hala, gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean harreman berriak sortzeko aukera ematen die egitasmoak, eta horrek, txapelketaren giroan eragina izaten duela azpimarratu du taldeak.
Joan zen maiatzean hasi zen Gaztedi Txapelketa, Izan ezberdin lelopean, eta guztira, 50 taldek parte hartu dute han. Iaz ere Azkoitian jokatu zen txapelketa horren finala.