Maiatzean jakinarazi zuten Bigoterik Gabea taldearen 'K-Baret' antzerki musikala izan dela aurtengo Buero Sariaren irabazlea, baina "gaizki-ulertu" bat tarteko, ez dituzte banatu sari horiek aurten. Sari ofizialik jaso ez duten arren, aktoreei larunbatean egin zioten aitortza.

‘K-Baret’ antzezlaneko kideak. (Bigoterik Gabea)
Joan den maiatzean jakinarazi zuten Bigoterik Gabea taldearen K-Baret antzerki musikala izan dela aurtengo Buero Sariaren irabazlea, baina taldeak azaldu duenez, sari banaketa prozesuan hainbat arazo izan da. Hain zuzen ere, eskolaz kanpoko mailan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako antzerki obra onena izendatu zuten antzezlana, eta gainera, sari nagusiaz gain, aipamen bereziak ere jasoko zituztela esan zien autonomia mailako antolakuntzak: eszenaratze onenarena, zuzendaritza onena –Kari Alberdi eta Xabier Barquero– eta interpretazio onena –Aitor Ayerdi–. Dena den, egun batzuetara, Espainiako antolakuntzaren dei bat jaso zuten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saria baliogabetu ziotela esanez, taldeko protagonista batzuek 21 urte baino gehiago dituztelako.
Bigoterik Gabea taldekoek azaldu dutenez, “gaizki-ulertu” bat izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako antolakuntzaren eta Espainiakoaren artean, eta horrek eragin zuen saria baliogabe uztea. Albiste “oso txarra” izan zen hori Bigoterik Gabea taldearentzat, dagoeneko komunikabideetan eta abarretan zabaldu baitzuten berria. Autonomia mailako antolakuntzak barkamena eskatu zien taldekoei, webgunean arazo bat izan zutelako eta ezin izan zutelako adinen informazioa ikusi; horregatik ez ziren jabetu taldekide batzukek 21 urte baino gehiago zituztela. Espainiako eta autonomiako kideekin behin baino gehiagotan hitz egin eta arazoa konpontzeko proposamenak egin zituen Bigoterik Gabea taldeak, baina Cocacola Fundazioak sariak ez ematea erabaki zuen. Antolakuntza autonomikoak, barkamena eskatzeko asmoz, sarien banaketa K-bareteko kideen esku uztea proposatu zuten. “Asko eztabaidatu ostean, taldearen izena zabaltzeko aukera ona” zela argudiatuz, gonbidapena onartu zuen taldeak.
Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako antolakuntzak eta Bigoterik Gabea taldeak elkarlanean antolatu zuten sari banaketa ekitaldia. Gaizki-ulertua tarteko, sari ofizialik eman ez bazuten ere, sibolikoki bada ere, Azkoiti-Azpeitiko aktoreek jaso zuten saria. Larunbatean egin zuten Buero Sarien banaketa, Gasteizko Beñat Etxepare antzokian. Aurkezpenaz gain, dantzarekin eta abestiekin osatu zuten ekitaldia. Aurtengoa sari banaketaren hamaseigarren edizioa izan da, eta hirugarren aldiz jaso dute saria Bigoterik Gabea taldekoek.
Azkoitian sortutako taldea da Bigoterik Gabea, baina taldean bi azpeitiar, zarauztar bat eta zumaiar bat ere badaude, hainbat azkoitiarrekin batera. Taldea 2020. urtean hasiko da K-Baret obra herriz herri taularatzen, eta orain, emanaldiak finkatzen ari dira. Ordura arte, ez direla geldik egongo jakinarazi dute, eta entseguekin jarraitu eta formakuntzaren aldeko apustua egingo dute. Herritarrei zuzendutako ekintzak prestatzea ere ari dira pentsatzen.