Getariako Cristobal Balenciaga museoan kudeaketa desleiala eta agiri merkantilak faltsutzea leporatuta zigortu dute Getariako alkate ohia. Horrez gain, zigor ekonomikoa ere ezarri diote.

Getariako alkate ohi Mariano Kamio. (Egilea: Aritz Mutiozabal)
‘Balentziaga auzia’ dela eta, museoari lotutako irregulartasunengatik epaitu zuten Mariano Kamio (EAJ) pasa den apirilean, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak lau urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio . Getariako alkate ohiari kudeaketa desleiala eta agiri merkantilak faltsutzea leporatu diote. Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarteko kudeatzailea ere bada Kamio.
Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigorra eta 2.234.448 euroko kalte ordaina eskatu zituen Kamiorentzat, izan ere, beste bi delitu ere egozten zitzaizkion, baina horietan absolbitu egin dute. Bidegabeko jabetzagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, beraz, ez dute zigortu. Espetxe zigorraz gain, Balentziaga Fundazioari 43.687 euro ordaindu beharko dizkio Getariako alkate ohiak, eta 426.093 Berroeta Aldamar elkarteari.
Kamioz gain, auzipetuta zeuden Julian Argilagos Balentziaga Museo proiektuaren arkitektoa eta Paciel Gonzalez —arkitektoa hori ere—, Argilagosen proiektua burura eraman zuena. Bi horien inguruan epaimahaiak hartutako erabakirik ez dute jakinarazi oraingoz. Argilagos, Miamira (AEB) joan zen bizitzera 2005ean, eta auzi-ihesean dago 2017tik. Espero zen moduan, ez zen agertu epaiketara.