Ez da ezusterik izan Azkoitiko kargu-hartze ekitaldian; izan ere, udal bozak EAJk irabazi zituen, eta aurreko agintaldiko gehiengo osoa galdu badu ere, jeltzaleen zortzi hautetsien boza nahikoa izan da Zubizarreta berriz ere alkate izendatzeko. PSE-EEko zinegotzi Janire Igoak boto zuria eman du, eta beraz, gehiengo osorik gabe gobernatuko du EAJk datorren agintaldian.

Javier Zubizarreta aginte makila hartu duenean. (Julene Frantzesena)
Javier Zubizarreta (EAJ) izango da berriz ere Azkoitiko alkate, gaurko kargu-hartze ekitaldian boz gehien jaso dituen hautagaia bera izan baita. Ez da ezusterik izan; izan ere, udal bozak EAJk irabazi zituen, eta aurreko agintaldiko gehiengo osoa galdu badu ere, jeltzaleen zortzi hautetsien boza nahikoa izan da Zubizarreta alkate izendatzeko. Hain zuzen ere, EH Bilduko hautetsiek beren zerrendaburuaren aldeko boza eman dute, eta horiei ez zaizkie aski izan zazpi botoak Ainara Goenaga alkate izendatzeko. PSE-EEko zinegotzi Janire Igoak ez du inor babestu alkatea aukeratzerako bozkaketan; boto zuriaren aldeko hautua egin du. Azkoitiko Bai-ko Jose Joakin Etxaniz, aldiz, abstenitu egin da.
10:00etan hasita egin dute ez-ohiko udalbatzarra Azkoitiko udaletxean, hainbat herritar bertan zirela. Lehenik Adin Mahaia osatu dute zinegotzi zaharrenak eta gazteenak, Itziar Joaristik (EH Bildu) eta Iraitz Otañok (EH Bildu) hurrenez hurren, eta horiek kargu hartze batzarrei dagokion protokoloa bete dute. Gainera, zinegotzi guztiek hartu duten karguari zin egin diote, gehienek “legeak hala behartuta”. Gainera, EH Bilduko zinegotzi batzuek Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren alde lan egiteko prest daudela azaldu dute, karguari zin egiterakoan.
Gero aukeratu dute alkatea, idatzizko botoen bidez, eta Juaristi eta Otaño arduratu dira bozak kontatzeaz. Hala, Zubizarretak jaso duenez boto gehien, Joaristik aginte makila eman dio, herritarren txalo artean. Ondoren egin dio alkate karguari zin Zubizarretak, eta hartu berri duen aginte makila herriarena dela esanez hasi du hitzartzea: “Herritarrek emandako konfiantza izango da gure arnasa”. Haren arabera, udalbatza osatzen duten hamazazpi emakumeen eta gizonen ardura da herritarren beharrak betetzea, eta esan du alkate kargua “umiltasunez” baina Azkoitiko herriaren ordezkari izatearen “harrotasunarekin” hartu duela. “Duela lau urte hasitako bidetik, hartzen dugun erabaki bakoitzaren atzean pertsonak daudela ez dugu ahaztuko; pertsonak jarriko ditugu erdigunean. Lanean jarraituko dugu kritika antzu eta suntsitzaileengandik ihes eginez, azpi jokoak eta liskarrak alde batera utzita eta errespetua lehenetsita”.
Honako kide hauek osatuko dute Azkoitiko udalbatza 2019-2023 agintaldian: EAJko Javier Zubizarreta, Ana Azkoitia, Marijose Arregi, Imanol Arrizabalaga, Sonia Vazquez, Angel Martin, Mertxe Zubillaga eta Juan Bautista Mendizabal; EH Bilduko Ainara Goenaga, Mikel Zengotita, Ane Miren Peña, Iraitz Otaño, Laida Beristain, Itziar Joaristi eta Angel Etxeberria; PSE-EEko Janire Igoa; eta Azkoitia Bai-ko Jose Joakin Etxaniz.
Hona hemen, gaurko kargu-hartze ekitaldiko irudi batzuk: