Errezilgo San Antonio festen barruan jokatu dute lehenengo aldiz helduen txapelketa, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko bederatzi bikotek parte hartu dute. Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrak hirugarren sailkatu dira.

San Antonio festetan murgilduta jarraitzen dute errezildarrek, eta gaur, larunbata, jai egun betea izan dute herritarrek eta hara bertaratu direnek. Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta, esaterako, Dantza Suelto Txapelketa jokatu dute zazpigarren urtez arratsaldean; ordea, izan da berrikuntzarik egitasmo horretan, lehenengoz, helduei zuzendutako txapelketa prestatu baitute antolatzaileek, eta beraz, aurten 16 urtetik gorako dantzariak igo dira oholtza gainera.
Gipuzkoako eta Bizkaiko bederatzi bikote lehiatu dira txapelketan, eta besteak beste, Errezilgo, Azkoitiko eta Azpeitiko dantzariek parte hartu dute. Ordea, txapela eta zapia ez dira eskualdean geratu, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrek irabazi baitute txapelketa; bigarren postuan, berriz, Katerin Artola eta Iker Belintxon oiartzuarra eta lezoarra geratu dira; hirugarren sailkatu dira Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrak, eta horiek garaikur bana eta 120 euroko diru-saria jaso dituzte.
Giro onean egin dute Dantza Suelto Txapelketa Errezilen, eta dozenaka lagun animatu dira hura ikustera. Bien bitartean, umeek puzgarrietan jolasteko aukera izan dute, eta txapelketa amaitzean, areto dantzen erakustaldia egin dute Dantzalekuan bertan.
Joan zen ostegunean hasi ziren Errezilgo sanantonioak, eta bihar, igandea, festetako azken eguna izango da. Orduan ere izango da zer gozaturik herrian. Hona hemen biharko egitaraua:
12:00. Herriko gaztetxoen dantza erakustaldia, Dantzalekuan.
18:00. Herri kirol saioa egingo dute punta-puntako harri-jasotzaileek nahiz aizkolariek eta herritarrek.
19:00. Buruhandiekin eta dultzaineroekin kalejira.
Ikusi dantza txapelketako argazkiak, hemen: