Jokoan zeuden zazpi zinegotzietatik bost erdietsi zituen EH Bilduk joan den maiatzeko udal hauteskundeetan, beraz, gehiengo osoarekin gobernatuko du koalizioak Errezilen datozen lau urteetan. Kargu-hartze ekitaldian zazpi hautetsietatik bostek Agirretxeren alde egin dute, eta beste biek Jose Antonio Labaka Errezilgintzako zerrendaburuaren alde.

Xebero Agirretxe Errezilgo alkatea kargu-hartze ekitaldian.
EH Bildu koalizioko Xebero Agirretxe izango da berriz ere Errezilgo alkatea. Joan den maiatzeko udal hauteskundeetan koalizio abertzalea izan zen boto gehien jaso zituen alderdia Errezilen, eta gaurko kargu-hartze ekitaldian ere, bera izan da boz gehien jaso dituen hautagaia. EH Bilduko bost hautetsiek Agirretxeren aldeko botoa eman dute, Agirretxek berak barne, eta Errezilgintza alderdiko Jose Antonio Labaka hautagaiak bi boz jaso ditu, berea, eta Errezilgintzako bigarren hautetsiarena.
11:30 inguruan hasi da kargu-hartze ekitaldia Errezilgo udaletxean, eta hainbat herritar gerturatu da pleno aretora. Lehenik eta behin, Adin Mahaia osatu dute; EH Bilduko Luis Arakistainek (hautetsirik zaharrena) eta Errezilgintza plataformako Ane Ugartemendiak (hautetsirik gazteena). Horren ostean, herriko zazpi zinegotziek karguari zin egin diote.
Behin hautetsiek zin egin ostean, hautetsi guztiek datozen lau urteetarako Errezilgo alkatea aukeratzeko botoa eman dute; Luis Arakistan EH Bilduko hautetsiak eta Ane Ugartemendia Errezilgintza plataformako hautetsiak irakurri dituzte hautetsien zazpi botoak, eta Agirretxek zazpi botoatik bost lortu ditu. Agirretxe bera izan zenez 2015-2019 agintaldiko alkatea, Arakistain arduratu da Agirretxeri aginte makila emateaz.
Azkenik, Agirretxek hitza hartu du herritarren aurrean, eta “herritar guztien alkatea” izango dela azpimarratu du, baita “botoa eman ez diotenen” alkatea ere. Horren ostean, koalizio abertzalek datozen lau urteetan “herriaren alde” lanean jarraituko duela esan du, Euskal Herria “sozialista, feminista eta abertzalea” oinarri hartuta.
Honako kide hauek osatuko dute datozen lau urteetako Errezilgo udalbatza: EH Bilduko Xebero Agirretxek, Ane Uzkudunek, Jon Ziarsolok, Maria Victoria Otaegik eta Luis Arakistainek; eta Errezilgintzako Jose Antonio Labak eta Ane Ugartemendiak.