Distantzia luzeko Espainiako triatloi txapelketa jokatu da gaur goizean Salamancan. Bete beharreko probekin nahikoa ez, eta bero handiari aurre egin behar izan diote kirolariek. Baldintza horietan bikain aritu da Helene Alberdi, eta Espainiako txapelketa irabazi du emakumezkoetan.

Kirolariek hiru kilometro egin dituzte igerian, 120 kilometro bizikleta gainean, eta azken 30 kilometroak korrika. Ohikoa duen bezala, bikain aritu da Alberdi igeriketa proban eta zortzi minutuko aldea atera dio uretatik bigarren atera den Ana Filipa portugaldarrari. Txirrindularitza proban aldea 12 minutura handitu du, eta korrika saioan aurkaririk ez du izan. 7:00:17 denborarekin amaitu du proba. Bigarren Ana Filipa sailkatu da, 22 minutu eta erdira, eta hirugarren Alba Reguillo, 28 minutu eta 15 segundora.