Zestoako kiroldegian ate irekien jardunaldia egin zuten atzo, eta herritar ugari joan ziren instalazioak bisitatzera. Obrak amaitu badituzte ere, uneotan bi dira egiteko nagusiak: mantenimendua eta administrazioa zehaztea. Iraila-urria bitartean zabalduko dute gunea. Parte hartzea sustatzeko eta kiroldegiari jarraipena egiteko, Kirol Mahaia sortuko du udalak.

Zestoako kiroldegi berritua bisitatzeko aukera izan zuten herritarrek atzo, astelehena, eta ikusmin handia piztu zuen eraikinaren irekierak. Izan ere, hainbat eta hainbat izan ziren instalazioak ikustera eta bertako gailuak probatzera joan zirenak. 17:00etan zabaldu zituzten kiroldegiko ateak, eta 19:00etan, gunearen gaur egungo egoeraren gaineko azalpenak eman zituzten udal ordezkariek.
Eraikin handia da zabaltzear dena, eta askotariko kirolak praktikatzeko baliagarriak diren hainbat areto du: trinketea; bi sauna; korrikarako zintak, bizikleta estatikoak nahiz giharrak lantzeko aparatuak dituzten gelak; aldagelak eta dutxak; terraza handi bat…
Hil honen hasieran amaitu zituzten kiroldegiko urbanizazio lanak, eta Mikel Arregi Zestoako alkatearen arabera, udalaren asmoa da iraila-urria bitartean zabaltzea gunea. Izan ere, obrak amaitu badituzte ere, oraindik egiteko daude zenbait kontu. “Momentu honetan egiteko nagusiak bi dira: mantenimendua eta administrazioa zehaztea. Batetik, Internet jartzea falta da, kontratuak egiteko daude, gasa jartzeko dago… Eta bestetik, bazkidetzak egin, kirol zerbitzua eta pertsonala zehaztu… behar dira”.
Hurrengo helburua: parte hartzea sustatzea
Zestoako alkateak azaldu duenez, gauza bat nabarmendu nahi izan zuten atzoko ekitaldian: herritarrak kontuan hartzea nahi dutela. “Zestoan aspaldian egin den ekipamendu publikorik handiena da kiroldegia, eta iruditzen zitzaigun gunea martxan jarri aurretik herritarrekin egon behar genuela. Gure helburua da aurrerantzean prozesu parte hartzaileak martxan jartzea, eta proiektu honekin xume-xume hastea nahi dugu”.
EAJ Udal Gobernuan zela, EH Bilduren udal taldeak faltan sumatu zuen horretan indarra jartzea. “Bere garaian, ekipamendu hau egitea erabaki aurretik, guk esaten genuen lehenago deialdi ireki bat egitea komeni zela, eragileekin hitz egin eta Zestoan behar genuen ekipamendua zer-nolakoa zen ikusteko. Guk esan genuen horrelako erabakiak ezin zirela besterik gabe udalean hartu, gainontzeko eragileak ere kontuan hartu behar zirela. Zentzu horretan, iruditzen zaigu deialdi zabalak egin behar direla iritziak jasotzeko; izan ere, uste dugu hobeak izango direla herritarren ekarpenak kontuan izanda udalak hartuko dituen erabakiak”. Bide horretatik, udalean batzorde bat sortu dute, Sozioekonomia eta Herritarren Parte Hartze Batzordea, herritarren parte hartzea kudeatzeko helburuarekin.
Horretaz aparte, kirol arloan, Kirol Mahai bat ere sortuko dute. Mahai horretan, herriko kirol sailetako kideek parte hartuko dute, eta kiroldegiko bazkideen nahiz erabiltzaileen ordezkaritza bat bertan egotea ere bada udalaren asmoa, jubilatuen elkarteko nahiz guraso elkarteko kideekin batera. “Zestoan azken urteetan ez da egon kirol koordinakunderik, eta horrek deskoordinazioa ekarri du”, azaldu du Arregik. Kirol Mahai horretatik kiroldegiari jarraipena egitea da udalaren asmoa.
Hona hemen atzo Zestoako kiroldegian hartutako irudiak: