Zestoako Udalak "kezka" azaldu du "zenbait gaztetxok uda honetan egin dituzten hainbat jardueren aurrean"
Errepide nagusian "istripu larriren bat gertatzeko arrisku izugarria" sor dezaketen jokaerak plazaratu ditu ohar batean, prebentzioan eta sentsibilizazioan eragitearen alde azaldu da eta herritar guztiei dei egin die, "dagozkigun ardurak har ditzagun".

Udako gauetan herriko zenbait gaztetxok denbora pasatzeko hartu duten zenbait joerak “kezka” eragin du Zestoako Udalean. Gaztetxoen jardueren berri emateko eta horiek zuzentzeko ardura eskatzeko oharra plazaratu du gaur udalak bere webgunean. Hain zuzen ere, errepide nagusian “istripu larriren bat gertatzeko arrisku izugarria” sor dezaketen jokaerak dira udalak plazaratu dituenak –ibilgailuei objektuak botatzea, errepidera zaborra botatzea edo semaforoa baliatuta trafikoa etetea–, eta herritar guztiei dei egin die, “dagozkigun ardurak har ditzagun”.
Joan den uztailaren 24ko udalbatzarrean adostu zuen udalak antzeko neurriren bat hartzea. Jabi Manteca EAJren zinegotziak jarri zuen gaia mahai gainean bilkura amaierako galdera eta erreguen tartean, eta udalak gaztetxoen jokabide arriskutsu horien aurrean zerbait egitea ebatzi zuten.
Oharra, osorik
Hau da, osorik, Zestoako Udalak gaur argitaratu duen oharra:
“Azkenaldian, herriko zenbait gaztetxok, denbora-pasa moduan, hainbat jarduera kezkagarri egin dituztela ikusi du Zestoako Udalak. Horien artean, larriena da errepide nagusira zaborra bota izan dutela, edota martxan doazen ibilgailuei objektuak jaurti zaizkiela. Beste zenbait kasutan, semaforoaren botoi etengailuaz baliatuz, trafikoa eragotzi dute.
Jarduera horiek, guztiz arduragabeak eta salagarriak izateaz aparte, arriskuan jartzen dute ibilgailuen zirkulazioa, eta istripu larriren bat gertatzeko arrisku izugarria dago.
Zestoako Udalak dei zabala egiten du, gai horren inguruan herritar denok dagozkigun ardurak har ditzagun. Esate baterako, garrantzitsua da horrelako ekintzak ikusten dituen herritar orok jarrera aktiboa hartzea eta gaztetxo horiei adieraztea jarduera horiek ezbeharren bat sor dezaketela. Zentzu horretan, Zestoako Udalak berak ere ahalegin berezia egingo du, Udaltzaingoarekin eta gainerako segurtasun baliabideekin, jarrera horiek berriro gerta ez daitezen bermatzeko.
Nolanahi ere, prebentzioa eta sentsibilizazio lana da inportanteena. Ildo horretatik, dei berezia egiten diegu batez ere gurasoei –baina gainerako herritarrei ere bai–, gai horren inguruan hausnarketa sakona egin dezaten, gaztetxoak aurrean dituztela.
Zestoako Udalak dagoeneko identifikatuta dauzka jarduera arriskutsu horiek egin dituzten hainbat gaztetxo baina inondik inora ez du nahi neurri gogorrak hartzen hastea. Esan dugun bezala, inportanteena sentsibilizazio lana egitea da, baina erakundeok, geuk bakarrik, oso lan mugatua egin dezakegu sentsibilizazio lan horretan. Horregatik, herritar eta gurasoei inplikazio zuzena eskatzen dizuegu.
Denon artean joan behar dugu Zestoa ederragoa egiten, etorkizunean biziko diren zestoarrak irekiagoak, solidarioagoak… izan daitezen. Denon esku dago hori horrela izatea”.