Aurtengo lehen zekorketaren atarian, herritar ugari elkartu da Erdikalean Zestoako Musika Bandaren 'Amparito Roca' ezagunaz gozatzeko. Zezenketen ordu berean, 'Gurea, Kultura' egitasmoak antolatutako kontzertuak izan dira geltoki zaharraren atarian, eta jendetza elkartu da bertan.
Eguerdian txupinazoa bota ostean lehertu da festa Zestoan, eta herritarrak Amabirjin festetan murgildu dira. Arratsaldean ere ez da jai girorik falta izan. Urtero gisa, jaietako lehen zekorketa egin dute gaur arratsaldean zezen plaza bihurtutako herriko plazan, eta haren aurretik Erdikalea jendez bete da Zestoako Musika Bandak Amparito Roca pasodoblea joz egin duen kalejiraren hasieraz gozatzeko. Zekorketen bueltakoak ez dira izan, ordea, arratsaldeko doinu bakarrak.
Bigarren urtez jarraian Gurea, kultura egitasmoa antolatu dute aurtengo festetarako. Gurea, kulturaren antolatzaileek zekorketen alternatiba gisara sortu zuten egitasmoa iaz. Modu horretan, zezenen ordu berean, EH Sukarraren eta Rukula taldearen kontzertuak izan dira Zestoako geltoki zaharraren atarian, eta jende ugari bertaratu da musikaz gozatzera.
Hona hemen Amabirjin eguna osatzeko geratzen den egitaraua:
20:00. Tximeleta taldea, Laranjadi plazan.
22:00. Pilota jaialdia. Jaka – Bikuña / Etxeberria – Ladis Galarza. Altuna – Rezusta / Irribarria – Zabaleta.
23:00. Tximeleta taldea, Laranjadi plazan.