Datozen asteetarako hiru jardunaldi antolatu ditu Alazne Agirrezabalaga dietistak. Zigordia kaleko egoitzan izango dira hitzaldiak eta gai desberdinak izango dituzte hizpide horietako bakoitzean, beti ere, elikadura ardatz hartuta.
Datozen hiru larunbatetan hitzaldiak eskainiko ditu Alazne Agirrezabalaga dietistak, Zigordia kalean duen egoitzan. Saio guztietan Agirrezabalagak berak eta beste profesional batek egingo dituzte hitzartzeak, eta dagoeneko eman daiteke izena saioetara bertaratzeko, Alazne zentroaren webgunean.
Lehen hitzaldia urriaren 26an izango da, erditze ostearen inguruan. Agirrezabalagak 09:30etik 11:30era hartuko du hitza, eta erditze osteko elikaduraren esparru desberdinez ariko da. Haurraren elikadura zein amarena landuko ditu; umeak lehen urtea bete arteko pauta orokorrak emango ditu, baina amaren elikadura izango da ardatz nagusia. “Elikadurak erditzetik osatzean izan dezakeen garrantziari buruz hitz egingo dut, besteak beste”. Agirrezabalagaren arabera une “konplikatua” da erditu ostekoa. “Batzuetan espektatibek errealitatearekin talka egiten dute, eta izan daitezkeen beheraldiak janari konkretu batzuekin bideratzen dira, bizitzako beste hainbat unetan gertatzen den bezela. Horrek, gaizki jatera eraman gaitzake”.
Agirrezabalagaren ostean Nahia Alkorta aholkulariaren txanda izango da, 12:00etatik 14:00etara. Amatasunaren, porteoaren eta loaren inguruko ikasketak ditu Alkortak besteak beste, eta hitzaldian hizpide izango ditu erditze ostean amaren eta umearen beharrak. Fase hori arlo emozionaletik landuko du gehien bat. “Batzuetan ematen du haurraren eta amaren artekoa dela kontua, baina normalean atzean beste egitura bat egoten da, familia bat, eta zenbaitetan talkak izaten dira haiekin ere”. Pixkanaka gero eta gehiago dira halako hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen dituzten profesionalak, Agirrezabalagaren arabera. Besteak beste, baliogarriak dira ohartzeko “amatasunaren lehen fase horretan izan daitezkeen buruhausteak zuri bakarrik ez zaizkizula gertatzen”.
Gero eta hitzaldi gehiago antolatzen diren moduan, interneten ere gai honen inguruko informazio ugari dago eskuragarri. Hitzaldi batek, ordea, gaia pertsonalizatzeko aukera eskaintzen du, eta zalantzak zuzenean profesional batek argi diezazkizuke, prezio oso atsegin batean. “Posible da interneten informazio fidagarria topatzea, baina topa daitezkeen aholkuak agian ez dira aplikagarriak zure egunerokoan”.
Elikadura antolatzeko modu berriak
Bigarren hitzaldia azaroaren 9an izango da, sukaldaritza osasuntsuaren inguruan. Agirrezabalagak egingo du lehen hitzartzea hemen ere, eta etiketa nutrizionalak izango ditu hizpide. Taula nutrizionalaren elementuak interpretatzearen inguruko gakoak ematea izango da hitzaldiaren lehen zatiaren helburua. “Egia da gaur egun gero eta gehiago begiratzen dituela etiketak jendeak, baina industriak bere tranpak ere baditu, beraz, zenbait kontu argitzen ahaleginduko naiz. Merkatuak zerbait osasuntsua eskatzen badu industriak, esaterako, %0 produktuak ateratzen ditu, baina bezeroak ez daki horrek benetan zer esan nahi duen. Azukrerik ez du izango produktuak, baina gero baliteke edulkoratzaile asko izatea, eta horiek ez dira azukrea baino osasuntsuagoak”. Agirrezabalagaren arabera, gakoa da pentsatzea produktu hori etxean egingo bagenu zein elikagai erabiliko genituzkeen. “Normalean, zenbat eta osagai gutxiago, hobe izaten da”.
Etiketen inguruan aritu ostean, batchcooking-ari buruz hitz egingo du Maria Elias nutrizionista bilbotarrak. Hitzartzea gazteleraz izango da, eta amaieran galderak euskaraz ere egiteko aukera izango da. Batchcooking-a elikadura antolatzeko modu bat da: asteko momenturen batean sukaldeko tresna guztiak erabiliz, denbora ekonomizatu eta asteko otordu guztiak prestatzean datza. Hiri handietan otorduak horrela antolatzeko joera handiagoa da, baina inguruotan ere gero eta jende gehiagok egiten du. Eliasek ohitura horren inguruko azalpenak emango ditu, eta sistema horren bidez elikadura osasuntsu bat lortzeko gakoak: despentsan zer izan behar den beti, hozkailuan zer eduki, nola pentsatu asteko menua… Zikloko beste bi hitzaldiak guraso diren pertsonengana bideratuta dauden moduan, hau edozeinentzat izan daiteke baliagarria.
Haurren ongizatea xede
Hirugarren hitzaldia azaroaren 23an izango da, bi eta sei urte bitarteko haurren ongizatearen eta garapenaren inguruan. Elikaduraren esparruari helduko dio Agirrezabalagak lehenik, eta haurrak bi urte betetzen dituenean sortzen den elikadurarekiko neofobia landuko du. “Bi urte bete arte, normalean, denetik jaten dute haurrek. Gauza berriak deskubritzeko gogo hori izaten dute, baina hortik aurrera, ezetzean sartzen dira eta kasketak harrapatzen dituzte. Garai konplikatua da haurrarentzat eta elikaduran ere igartzen da”. Zenbait egoerari aurre egiteko gakoak emango ditu zarauztarrak: haurra jatera behartu behar den edo ez, hobe den gustatzen zaion hori ematea eta kitto, jan gabe geratuz gero zer gertatzen den… Agirrezabalagak uste du askotan “gurasoen beldurrek” eragiten dutela elikaduraren kudeaketa desegokia.
Horren ostean, Mireia Centeno psikologo zumaiarrak hitz egingo du bi eta sei urte bitarteko haurren garapen emozionalaz. Adin horretan garatzen dute sen arrazionala haurrek, eta autoritatearen aurrean (gurasoak, irakasleak edo beste) izan ditzaketen erreakzioak sarri haserreak edo kasketak izan ohi dira. Centenok garai hori ulertzeko eta aurre egiteko gakoak emango ditu hitzaldian.
Hitzaldi bakoitzak 15 euro balioko ditu, astebete lehenago izena emanez gero. Aste bat baino gutxiago falta dela, prezioa 18 eurokoa izango da. Inskripzioa egiteko alaznedietista.com atarian topa daitezke bete beharreko dokumentuak eta bestelako informazioa. Hitzaldi guztiak Zigordia kaleko 26.ean dagoen egoitzan izango dira, eta hitzaldi batean baino gehiagotan izena emanez gero edo bikotearekin izena emanez gero, beherapenak izango dira prezioetan.