Ekain kobazuloa aurkitu zutela 50 urte bete dira aurten, eta urteurren horren barruan antolatu duten ekitaldietako bat izango da obra. Kultur Etxean taularatuko dute antzezlana, 19:00etan. Bestalde, Lili jeuregian doako bisitak izango dira larunbatean.

Ekain kobazuloa aurkitu zutela 50 urte bete dira aurten, eta hori dela eta, Ekainberrin ospakizun ekitaldietan murgilduta dira. Jarduera horien barruan, Intujai antzerki konpainiaren Ama-Alu-Lur (sorgin baten ametsak) antzezlana ikusi ahal izango da ostiralean, urriak 18. Zestoako Kultur Etxean ikusi ahal izango da obra, 19:00etan hasita, doan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan kokatzen da Ekainberrik Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatu duen emanaldia. Donostia Kultura 2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza Saria irabazi zuen antzezlan monografiko bat da Ama-Alu-Lur: obran zehar, bi arkeologok harri eta zur utziko dituen paleolito garaiko irudi bitxi bat topatzen dute kobazulo batean.
Anztezlana ikustera joan nahi duen orok gonbidapenak hartu beharko ditu Zestoako Turismo Informazio Puntuan (Portale kalea 1), plazak mugatuak izango direlako. Gehienez lau gonbidapen hartu ahal izango dira pertsonako.
Lili jauregian ere bisitak
Bestalde, larunbatean –urriak 19– Lili jauregian egingo dituzten bisita teatralizatuetara doan joan ahal izango dute herritarrek 11:30ean, 12:30ean, 16:30ean eta 17:30ean. Interesatuek Ekainberri eta Lili jauregiko Zestoako sarrera salmenta bulegoan (Portale kalea 1, edo 943 86 88 11 zenbakira deituta) erreserba egin beharko dute, plazak mugatuak direlako.