Bertsoa ardatz eta adineko pertsonen gaitasuna sustatzea helburu dutela, Adin-adin bertso saioak Gipuzkoako 16 egoitzetara iritsiko dira aurten. Lehen saioa Azkoitiko San Jose egoitzan izango da gaur, asteartea, 17:00etan, Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso bertsolariekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bosgarren urtez jarraian antolatu dute Adin adin egitasmoa. Programa horren bidez, bertsolariak adinekoen egoitzetara joaten dira bertso saioak eskaintzera. Saio horien helburu nagusia da bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetuz. Aurten, hamasei saio egingo dituzte Gipuzkoan zehar, iaz baino bi gehiago. 2018an, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan egin zituzten saioak, baina aurten Zumaian ere egingo dute.
Lehen saioa gaur, asteartea, egingo dute, Azkoitiko San Jose: 17:00etan hasita, Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso ariko dira bertsotan. Zestoako San Juan egoitzan urriaren 24an egingo dute saioa, Amaia Agirre eta Sebastian Lizaso bertsolariekin; 11:30ean hasiko da saioa. Azpeitiko San Martin egoitzan, berriz, azaroaren 11n izango da bertso egitasmoa, 17:00etan; Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Beñat Lizaso ariko dira kantuan. Zumaiako Kabia-San Juan egoitzara, azkenik, azaroaren 21ean iritsiko da Adin adin egitasmoa. 17:00etan hasita, Maddalen Arzallus eta Jon Maia bertsolarien saioa entzuteko aukera izango da.