Gaur, larunbata, Txikitasunean Handi eguna ospatu dute Arroabean. Goizean goizetik hasita giro ederra izan da nagusi auzoan.
Giro ederrean ospatu dute Arroabean Txikitasunean Handi eguna. Gaur, larunbata, goizean goiz hasi dute herritarrek festa, Arroa Bira eta MTB irteera izan baitira. Arroabeko Festa Batzordeak adierazi duenez, 60 pertsona inguruk parte hartu dute bi ekintza horietan. Arroa Bira egin dutenek, ibilbide motza (5,7km) eta luzea (14km) izan dituzte aukeran, eta MTB irteera egin dutenek, berriz, 37 kilometroko bidea egin dute Arroatik Pagoetara. Bi ekintza horiek Arroabean amaitu dira, eta ondoren, jan-edanerako tartea izan dute parte hartzaile guztiek Ederki elkartean.
Arratsaldean ere gozatu ederra hartu dute arroarrek. Hasteko, txikienek I. Korrikola lasterketan parte hartu dute; Arroabeko erdiguneari bost buelta eman dizkiote lasterka, eta buelta bakoitzeko, kola trago bat edan behar izan dute. Joseba Aristondok irabazi du lasterketa. Ondoren, II. Korrikaña proba izan da, eta dozena-erdi bat herritarrek parte hartu dute bertan; lehiakideek bost buelta eman dizkiote erdiguneari, eta buelta bakoitzeko zurito bat hartu dute. Miguel Angel Dominguez nagusitu da aurten Korrikaña proban. Lasterketa bakoitzaren amaieran egin dute sarien banaketa, eta Korrikaña lasterketaren amaieran parte hartzaile guztiek argazkia atera dute.
Iluntzean amaituko da Txikitasunean Handi eguna Ederki elkartean egingo duten afariarekin.
Hona hemen Txikitasunean Handi eguneko argazki bilduma: (Arroabeko Festa Batzordea – Hitza)