Gaur hasiko dira Azpeitian XXXVII. Antzerki Topaketak, Sortzaile Berrien Zikloaren barruko 'Panpina' antzezlanarekin. Erika Olaizola eta Leire Arenas dira sortzaileetako bi, eta prest daude obraren estreinaldi handirako

Leire Arenas eta Erika Olaizola, Dinamoan. (Anartz Izagirre)
“Iritsi da mundu guztiari egia esateko momentua” dio Panpina antzezlanaren sinopsiak. “Gaur, lehen aldiz, Erika Rooibosek maitasuna egingo du bere itzalarekin” jarraitzen du. Iritsi da Erika Olaizolak (Azpeitia, 1989) eta Leire Arenasek (Azpeitia, 1993) horrenbeste esperotako Panpina obraren estreinaldia ere; gaur, jendaurrean lehen aldiz, Erika Rooibosen azalean sartuko da Olaizola, eta zuzendariak aldamenean izango ditu obraren sormen prozesuan irudiaz eta planteamendu espazialaz arduratu den Arenas eta kanpo begiradaz nahiz dramaturgiaz arduratu den Oier Guillan. Sortzaile Berrien Zikloa ez ezik, XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak ere irekiko ditu Panpina antzezlanak gaur, 20:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Mokadutxoa eta solasaldia izango dira, ondoren.
Obraren estreinaldirako urduri al dauden galdetuta, Olaizolak dio gaurko eguna “jasotzeko” eta “bizitzeko” prest dagoela: “Norabidea oso garbi ikusten dut”. Arenas “zain” dago, eta azken egunetako intentsitatea dela eta, “urdurituta”. Hilabeteak pasa dituzte Guillanek, Arenasek eta Olaizolak Panpina sortzen, baina izatez, 2014. urtean hasi zen guztia: “Duela bost urte etorri zitzaidan Panpina burura. Izenburua bakarrik nuen orduan, dirulaguntza batzuetara aurkeztu nuen proiektua, baina ez zidaten eman”, azaldu du. Hala, urte hauetan guztietan Panpina “tiraderan gordeta” izan duela dio obraren zuzendariak; ez, ordea, ahaztuta: “Bost urte hauetan inkontzientean izan dut Panpina; egun batean, haz el amor con tu sombra esaldia irakurri nuen, eta horrek eraman ninduen tiraderan gordeta nuen proiektua berrartzera”, azaldu du.
Azpeitiko Sormen Bekaren deialdira aurkeztu zuen Olaizolak buruan zuen proiektua; Azpeitiko Udalak proiektua gauzatzeko dirulaguntza onartu zion, eta hori izan zen Panpina sortzeko bultzadetako bat: “Sormen Bekaren deialdira aurkezteko iniziatiba ez zen bat-batean etorri. Kontatu nahi nituen gauza asko nituen buruan, eta bekak ideietatik ekintzara pasatzera eraman ninduen”. Olaizolak ez zuen antzezlanaren sormen prozesua bakarrik egin nahi, ordea, eta dirulaguntzak eskatu aurretik dagoeneko obran parte hartzeko proposamena luzatu zien Guillani eta Arenasi: “Oier lehenagotik ezagutzen nuen, eta aproposa iruditzen zitzaidan berak erabili izan dituen zenbait metodo erabiltzea antzezlaneko materiala sortzeko”. Arenas ere ezagutzen zuen Olaizolak, “arrastoa jarraitu” dio urte hauetan guztietan, eta “laguntzaile ona” iruditu zitzaion obrarako. Arenasek ondo gogoan du proposamena jaso zuen eguna: “Kafe bat hartuko genuela esan zidan Erikak, eta banekien proposamen horren atzean zerbait zegoela, usaindu egiten nuen”. Olaizolaren proposamena pozarren hartu zuen Arenasek: “Orain arte edozein aldetatik jaso ditudan lan enkarguak bidimentsionalak izan dira, irudia lantzeko eskatzen zidaten, bere horretan”, azaldu du Arenasek. Hori dela eta, Olaizolak antzezlanaren sormen prozesuan parte hartzeko eskatu zionean, ideia “gustura” hartu zuela dio.
Hala, hirurek hasi zuten ibilbidea, eta ondoren, Javi Barandiaran eta Idoia Beratarbide gehitu zitzaizkien lantaldera: “Idoiak eszenografiaren inguruko aholkuak eman dizkigu, eta Javik kanpo-begiradan eta argi teknikaritzan lagundu digu”, azaldu du Olaizolak. “Hirurok nahiko kondentsatuta geunden une batean iritsi dira Idoia eta Javi, eta ondo etorri zaigu beste kanpo begirada bat”, dio Arenasek. Biak ala biak “eskertuta” daude Beratarbidek eta Barandiaranek eskainitako laguntzarekin.
Prozesu emankorra
Olaizola eta Arenas bat datoz esatean antzezlanaren prozesua “naturala” eta “emankorra” izan dela. Arenasek adierazi duenez, orain arte egin dituen lanekin alderatuta, oso desberdina izan da Panpinaren sormen prozesua: “Ikasteko, flipatzeko eta dibertitzeko gune bat izan da niretzat sormen prozesuan parte hartzea. Lehen aldia izan da antzezlan batean parte hartu dudana, eremu berri bat izan da, eta asko disfrutatu dut”. Olaizola ere oso gustura dago sormen prozesuak izan duen bilakaerarekin: “Antzezlanaren sormen prozesuaren oinarrian inprobisazioa egon da. Hirurok genituen hausnarketak eta galderak mahai gainean jarri ditugu, eta askatasuna eman diogu gure buruari sortzerakoan”. Bat dator Arenas: “Prozesua arina eta emankorra, jario askokoa, izan da. Gure premisa zen ez genuela elkar epaituko, askatasuna emango geniola elkarri. Horregatik sortu da material aberatsa, askatasunak ez duelako mugarik izan”.
Antzezlanaren atzean hiru sortzaile daude eta Olaizolak eta Arenasek aitortu dute hirurak “ordezkatuta” sentitzen direla obrarekin. “Bakoitzaren ideiak taldera ekartzerakoan, besteak sortutakoarekin eroso ez sentitzeko arriskua egon zitekeen, baina kasu honetan ez da horrelakorik gertatu”. Zera dio Olaizolak: “Ezagutzen nauen edonork esango du: Hau Erika da“. Arenasek ere baietz dio, eta berak sortutako antzezlanaren teaser-ak eta kartelak ere obraren “zentzu osoa” irudikatzen dutela uste du: “Kontziente naiz sormen prozesuaren barruan egon ez banintz, kartela eta teaser-a ez liratekeela halakoak izango, baina prozesuan bertan egon naiz, eta ez nuen elementuak bilatzeko esfortzu handirik egin behar izan, soilik neure buruari entzun behar nion”.
Gaurkoan, aurreneko aldiz Olaizola bakarrik igoko da agertokira. Erabaki hori, “behar eta nahi pertsonal batetik” sortu dela dio zuzendariak: “Erabaki pertsonala izan da agertokira bakarrik igotzea, horretarako momentua zela ikusi nuen”, dio aktore azpeitiarrak. Halere, ez da bakarrik sentitzen: “Heldulekuak baditudala uste dut, Erika Rooibosek lagatzen du publikoarengandik gertu egoten”, gaineratu du. Izan ere, Olaizolak jakin badaki publikoaz eta bere itzalaz gain, prozesu osoan zehar alboan izan dituen beste bi itzalak ere izango dituela agertokian, antzokiko argiak itzaltzen direnean.