Herriko hamasei ekoizlek jarri dituzte salgai eta erakusgai beren produktuak. Errezil sagarra eta harekin egindako askotarikoak ez ezik, bestelako jenero aukera ere zabala izan da. Gazta lehiaketa Aitzartek irabazi du, eta Basaberentzat izan da sagar dultze lehiaketaren saria.

Azoka mardularekin eta giro ederrean agurtu dute gaur Errezilen Sagarraren Astea. Igande goiz eguzkitsuak eta epelak jende asko erakarri du azoka jarri duten herriko pilotalekura. Errezildarrek nahiz kanpotik joandakoek Errezil bertako hamasei ekoizleren postuak aurkitu dituzte frontoian; Errezil sagarra eta harekin egindako askotariko produktuak ez ezik, bestelako jenero aukera ere zabala izan da salmahaietan. Azoka osatzeko, jan-edanerako postua ere jarri dute pilotalekuaren sarreran.
Bisitariek ikusteko, galdetzeko, dastatzeko eta erosteko tartea hartu dute postuz postu, baita azokaren barruan antolatutako gazta eta sagar dultze lehiaketetan iritzia emateko ere. Errezildarrek parte hartzeko prestatu dituzte bi lehiaketak: 11 sagar dultze aurkeztu dituzte herritarrek, eta bertako hiru gaztandegik parte hartu dute gazta lehiaketan. Lehiaketara aurkeztu dituzten gazta zein sagar dultze zatitxoak dastatu eta horien artean gustukoenak izan dituztenen aldeko botoa emateko aukera izan dute azokara joan direnek, antolatzaileek lehiakide bakoitzari emandako zenbakia paper mutur batean idatzi eta zegokion kutxan sartuta. Herritarrek emandako bozak zenbatu ondoren, Aitzartek jaso du gazta lehiaketaren sari nagusia, eta Basaberentzat izan da sagar dultze lehiaketakoa.
Hemen, Errezilgo Sagar Astearen azokan hartutako irudiak: