Inklusioa ardatz, Gipuzkoako Paleta Txapelketako lehen partidak jokatuko dituzte larunbatean Zestoan
Zestoako kiroldegian jokatuko dituzte partidak, 10:00etan hasi eta 13:00ak bitartean. Adimen urritasuna duten 19 urtetik 40 urtera bitarteko hamabost kirolarik parte hartuko dute txapelketan, eta horietako bat da Jurdan Arakistain zestoarra. Arakistain bere mailako txapelduna izan zen iaz, eta aurten etxean ekingo dio txapelketari. "Gogotsu" dagoela dio.

X. Paleta Txapelketari ekingo diote larunbatean, abenduak 14, Zestoan. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak elkarlanean antolatutako txapelketa da Zestoan hasiko dena, eta inklusioa du ardatz. Adimen urritasuna duten 19 urtetik 40 urtera bitarteko hamabost kirolarik parte hartuko dute txapelketan, lau emakumek eta 11 gizonek. Horietako bat da Jurdan Arakistain zestoarra. Txapelketak bi jardunaldi izango ditu. Aurrenekoa larunbatean izango da, Zestoan, eta bigarrena otsailaren 8an jokatuko da, Legazpin.
Larunbateko partidak Zestoako kiroldegian jokatuko dituzte, 10:00etan hasi eta 13:00ak arte. Parte hartzaileek hiru multzo ezberdinetan jokatuko dituzte partidak. Aaurreko denboraldian lortutako sailkapenaren arabera egin dituzte azpitaldeak. Multzo urdinean hiru kirolari arituko dira elkarren kontra; multzo zurian, bost kirolari, eta multzo gorrian zazpi kirolari. Partidetako tanto kopurua multzoaren araberakoa izango da. Talde urdinekoek hamar tantotara jokatuko dituzte partidak, talde zurikoek zortzi tantotara eta talde gorrikoek sei tantotara.
Iaz, Jurdan Arakistain zestoarrak jantzi zuen multzo urdineko txapela, eta aurten ere emaitza onak lortzen saiatuko da zestoarra. Etxean ekingo dio txapelketari larunbatean, eta azaldu duenez, “gogotsu” dago. Zestoako Udalarentzat kirol egokituko Gipuzkoako Paleta Txapelketaren lehen partidak Zestoan jokatzea “ohore handia” dela adierazi du Aitor Salegi Kirol batzordeburuak. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioako eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko kideek, beren aldetik, eskerrak eman dizkiete Zestoako Udalari, txapelketa herrian egiteko aukera emateagatik. Era berean, adierazi dute aurtengoa txapelketaren hamargarren edizioa dela, eta egitasmoarekin nahiz orain arte egindako lanarekin “oso pozik” daudela azpimarratu dute: “Horrelako ekimenak ezinbestekoak dira inklusioa lortzera bidean, eta hau urrats bat gehiago da.” Urtetik urtera txapelketan parte hartzen duten lagunen maila “hobetzen” doala azaldu dute antolatzaileek, eta larunbatekoa ikuskizun polita izan dela azpimarratu dute. Horren harira, zestoar guztiei dei egin diete txapelketa ikustera anima daitezen.
Zestoan jokatutako partiden emaitzen arabera erabakiko da nork jokatuko duen Legazpiko jardunaldia.