Zestoako parrokia itxita dago oraindik, tximista batek jo eta bi urtera. Hasieran uste zuten baino askoz denbora eta diru gehiago kostatzen ari dira lanak. 600.000 euro inguru jarri beharko ditu parrokiak.

Azken asteetan eliza barruan aritu dira langileak; organoa eta sakristia ez dituzte konponduko, oraingoz. (Mailo Oiarzabal)
Luze doaz Zestoako Andre Mariaren Jasokundearen parrokian egiten ari diren lanak. Iragan abenduaren 1ean bi urte bete ziren tximista batek elizako kanpandorrea jo zuenetik. Kanpandorrea bera txikitzeaz gain, eraikinean kalte larriak eragin zituen ezbehar hark. Ia 25 hilabete joan dira ordutik, baina parrokia itxita dago oraindik, eta hura lehenera itzultzeko lanek aurrera segitzen dute. “Azkenetan” direla ziurtatu du Martin Artola Zestoako jarduneko parrokoak —Koldo Intxausti bajan dagoen parrokoaren ordezkoak—, eta “aurki” eliza zabaltzeko moduan izango direla. Ikusitakoak ikusita, ordea, ez da ausartu irekierari datarik jartzen.
Izan ere, bi urteotan elizako konpontze lanen inguruan egin dituzten aurreikuspenetako bat bera ere ez da bete. Intxaustik hasieratik esan zuen “luze” joango zirela lanak, “hilabeteak” beharko zituztela eraikina osorik konpontzeko, eta gastuak ere “handiak” izango zirela: “Milioi erdi euro inguru kostatuko dira”. Baina motz gelditu zen, oso motz. Bi urte geroago, bukatu gabe jarraitzen dute lanek, eta haien kostua hirukoiztu egin da. Organoa eta sakristia berritzeko lanak zenbatu gabe —ez dituzte egingo, oraingoz—, 1.355.000 eurotik gorako aurrekontua izan dute orain arteko lanek; eta 1,5 milioi eurora irits daiteke guztira, uneotan zehaztu ezin badute ere. Horiexek Juan Mari Olaetxea Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusiak emandako datuak.
Aseguruak 640.000 euro inguru ordaindu zizkion bere garaian Zestoako parrokiari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 69.000 euro inguruko diru laguntza eman zion. Hortik aurrerakoak parrokiak berak ordaindu beharko ditu, ordea; 600.000 euro inguru. Oraingoz, Donostiako Gotzaindegia ari da lanak finantzatzen, baina parrokiak dirua itzuliko dion baldintzarekin. Ez da kopuru txikia, eta diru hori nola eta nondik inguratu dezaketen aztertzeko eta dirua biltzen saiatzeko antolatzen hasiak dira Zestoan. Herritarrez osatutako batzorde bat sortu dute horretarako.
Azken ukituak
Tximista batek Zestoako parrokiako kanpandorrea jo zuen 2017. urteko abenduaren 1ean, 21:28an. Kanpandorrea txikitu egin zuen, kanpaiak eta erlojua hondatu, eta hango harriak herriko plazara eta elizako teilatu gainera erori ziren. Zorionez, inor ez zen zauritu, baina eragindako kalte materialak handiak izan ziren. Teilatura erori ziren harriek teilatua puskatu zuten, eta eliza barruko hainbat guneri eragin zieten; korua eta organoa, besteak beste. Hiru hilabete baino ez ziren organoa berritzen bukatu zutela. Sakristia izan zen kaltetutako beste guneetako bat. Han zegoen argindar kaxak su hartu zuen, eta sakristia erre egin zen. Ondorioz, elizako instalazio elektriko guztia, megafonia eta proiektorea hondatu egin ziren.
Gipuzkoako Hitzan argitaratutako erreportajea. Jarraitu irakurtzen.