Egiguren erretiroa hartuta dago, baina segitzen du gogoetak plazaratzen jendaurrean eta pribatuan. Duela hamar urte PSOEn hura soilik zen ETA bukatzera zihoala esaten zuena; orain iragarri du hiru urtera has daitezkeela itunak egiten PSE-EE eta EH Bildu. Jesus Egiguren aizarnarrari elkarrizketa egin dio 'Berria'-k.

Jesus Egigurenek berak hautatu du elkarrizketarako tokia, “aspaldian” egon gabe baitago: Txillarre baserria. Kuttuna du lekua, “zerbait” egin zuten-eta han. Arnaldo Otegik eta biek orain hogei urte Elgoibarko (Gipuzkoa) baserri hartan ekin zieten isilpeko elkarrizketei, eta ETAk 2011ko urrian jarduera armatua bukatutzat eman izanak “bakea” ekarri zuen, Egiguren (Aizarna, Zestoa, 1954) PSE-EEko orduko presidenteak nabarmendu duenez.
Hobeto dabil osasun aldetik. ETAk borroka armatua uztean, urteetako presioaren ondoren baxualdia etorri zitzaion. Baina ez zen hori bakarrik; PSOEko askok ez zioten begirunerik agertu. “Neure alderdiarekin pasatu nuena izan zen okerrena”, dio. “Esaten nien bazetorrela bakea, prestatu behar genuela eta kapitalizatu. Ez zuten sinesten iragartzen niena. Sekula ez nuen ulertu PSEk apustu bat ez egitea; [Jaurlaritzako] lehendakaria genuen!… Gainera, geure arteko harremanak okertu ziren, eta psikikoki erasan zidan. Haiek bezain PSOEkoa naiz, PSOEkoa betitik, baina izango ez banintz bezala tratatzen ninduten”.
Solasaldia hasi aurretik txistor eta gazta pixka bat atera ditu Txillarreko jabe Pello Rubiok, eta coca-cola batekin dago Egiguren. Sumatzen da oso lagunak direla biak. 2005ean, Rubiok bere furgonetan eraman zuen Genevara (Suitza), Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkariarekin elkarrizketak hastera.
Oraintxe dela hamar urte ezker abertzalea bere estrategiaz barne eztabaidan zegoela, PSOEn zu baino ez zinen esaten zuena han fronte politikoa gailenduko zela.
Behin Kolonbiako negoziatzaile bat neurekin hitz egitera etorri zen, eta esan zidan ondo negoziatzeko bi buru izan behar direla: zeurea eta zeure kontrarioarena. Nik uste dut momentu bat iritsi zela ezker abertzaleko jendeak zer pentsatzen zuen eta haiei zer gertatzen zitzaien izugarri neureganatu nuela. Haien buruan sartzen nintzen. Halaxe, kalkulu bat atera nuen: ezker abertzaleak 2011ko udal hauteskundeetan derrigor egon behar zuenez, ordurako terrorismoak bukatua behar zuela. Publikoki esan ere egiten nuen, eta ezker abertzaleko buruek gero aipatzen zidaten ez nenbilela gaizki.
Zer izan zen giltzarria ezker abertzaleak estrategia aldatzeko?
Bakarra ez zen egon. Mugimendu hori nekatuta zegoen, eta gauzak gaizki irteten zitzaizkion; Batasunak politika egin nahi zuen, eta ikusten zuen ez zela bateragarria hori eta terrorismoa babestea; ETAko arduradun berriak ez ziren garai batekoen mailakoak; garrantzitsua izan zen Poliziaren eraginkortasuna, teknologiagatik eta; giza faktorea ere egon zen.
Giza faktorea, Otegiren eta bion artean ez ezik, Josu Urrutikoetxearen eta zure artean ere bai?
Hala esan daiteke. Ondo moldatu ginen. 2006ko irailean egon nintzen harekin azkeneko aldiz.
Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus