2018an onartu zutena bertan behera utzi eta berridatzi dute proiektua; hala ere, ez du aurrekoarekiko aldaketa aipagarririk izango. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 604.335,58 eurokoa da eta labak burutzeko epea lau hilabetekoa, baina tramitazioa noiz egingo duten ez dute zehaztu.

Arroa Beheko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko proiektu berria onartu duela iragarri zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2018ko azaroan iragarri zuen erakundeak 2019ko otsailean hasiko zirela biribilgune hori egiteko lanak, baina ez zen halakorik izan eta, azkenean, bertan behera utzi behar izan zuen aldundiak aurreko proiektua; “eraiki behar zen lurrekin lotutako arazo batzuk medio”, erakundeak atzo zabaldu zuenez.
“Arrazoiak asko zehaztu gabe”, Mikel Arregi alkatearen esanetan, duela hilabete gutxi jakinarazi zion aldundiak Zestoako Udalari GI-631 eta N-634 errepideen bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko aurreko proiektua bertan behera utzi eta berria egingo zutela. Proiektu berria oraindik ez dute jaso udalean, baina aurrekoarekiko aldaketa aipagarririk ez duela izango aurreikusten dute.
Proiektuarekin batera, esleipen prozesuaren oinarriak ere berritu ditu aldundiak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 604.335,58 eurokoa da (%21eko BEZa barne), eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa. Hala ere, eta koronabirusaren krisiaren eraginez, lanak esleitzeko lehiaketaren zein obren hasieraren epeak zehaztea zaila dela adierazi zuen atzo Eider Mendoza aldundiaren bozeramaileak. “Horren ostean, beste guztia bezala, proiektu honen tramitazioa eta garapena normaltasunez egingo da”, esan zuen Mendozak.