Koronabirusaren pandemia turismoari ere bete-betean ari zaio eragiten. Horren harira, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua elkarrizketatu du 'Gipuzkoako Hitza'-k.

Turismoaren sektorearentzat urteko egunik oparoenetakoak izaten dira Aste Santukoak, baina erabat itzalita iritsi da aurtengo opor garaia. Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak (Zarautz, 1973) aitortu du koronabirusaren eraginez “oso garai zaila” bizitzen ari dela herrialdea. “Eta are gogorragoak etor daitezke”. Baina ziur dago Gipuzkoako ekonomiak krisi giro horri aurre egiteko nahikoa indar badaukala.
Aste Santu bete-betean, etxean sartuta jarraitzen dute herritar gehienek. COVID-19 gaitzak eragindako krisiak zein ondorio utziko ditu Gipuzkoako ekonomian, eta, bereziki, turismoaren sektorean?
Ondorio latzak utziko ditu. Lehenik eta behin, ikusiko dugu ea arlo ekonomikoan sortuta daukagun sare hori guztia mantentzeko gai garen edo ez. Baina ondorio horien artean ikusiko dugu, baita ere, turismoak oinarri sendoa daukala gurean; azkenaldian bilakaera batean geunden turismoaren sektorean; Gipuzkoan, egun, Barne Produktu Gordinaren %7 ordezkatzen du turismoak, eta, nahiz eta egoera latzean ari gauden, sektoreak oinarri sendoa daukala esan nahi du horrek. Beraz, zailtasun askorekin, baina garai honi ere aurre egingo diogu.
Koronabirusaren krisiak aurrez aurre jarri ditu bi ikuspegi: ekonomiarena eta giza arloarena, bizitzena. Zein da zure iritzia?
Horrelakoetan ere ika-mikak izaten dira beti, baina uste dut denok bat egiten dugula lehenetsi beharrekoa osasuna dela esatean. Beste gauza bat da osasun hori bermatzeko ea ez den posible, aldi berean, neurriak hartzea eta ekonomia jarduerari ekitea. Batzuek uste dugu enpresa askotan badaudela protokoloak eta segurtasun neurriak, eta horiek zorrotz errespetatuta posible dela jarduera ekonomikoa eta osasuna bermatzea. Baina berriz diot: kasu guztietan, beti-beti, osasuna da lehenetsi beharrekoa.
Aldunditik hainbat neurri hartu dituzue jada krisiari aurre egiteko, enpresei, langileei eta autonomoei bideratutakoak tartean. Neurri gehiago iritsiko dira?
Bai, bai. Baina beste lanketa bat egin beharra daukagu aurretik. Joan den astean, aldundia Gipuzkoako alkate guztiekin elkartu zen, eta lehen analisian argi ikusi genuen gaur egun onartuta dauzkagun aurrekontuak moldatu egin beharko ditugula; ikusi egin beharko dugu zer den lehentasunezkoa eta zer ez. Etxe barruko lehen erabaki horiek hartzen ari gara orain, horrek erakutsiko baitigu zerekin topo egin dezakegun gerora. Lehen inpaktua besterik ez da izango hori, ordea, martxan hasten garenean ikusi beharko dugulako denok egin ahal izan dugun aurrera, edo batzuek jada ateak itxi dituzten. Aldundiaren diru sarrerak, Eusko Jaurlaritzarenak eta udalenak aintzat hartuta, balizko aukera guztiak aztertzen ari gara orain, eta krisiaren aurkako plan bat ere garatzen ari gara. Aste Santua igarota aurkeztu nahi ditugu krisiari aurre egiteko egitasmoak.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.