Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako #NireGailurrak argazki lehiaketan 121 irudi jaso dituzte. Bihartik aurrera, herritarrek botoa emateko aukera izango dute, argazki irabazlea aukeratzeko.

Atzo, igandea, amaitu zen Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako #NireGailurrak argazki lehiaketan lanak aurkezteko epea eta, guztira, 121 dira egitasmo horretan parte hartzera animatu diren herritarrak. Munduko txoko guztietako irudiak jaso dituzte eta argazkilari gehienak azpeitiarrak dira, baina badira inguruko herrietakoak ere. Argazki guztiak Lagun Onak Mendi Bazkunaren Flickr kontuan daude ikusgai, edo https://labur.eus/partehartzaileak esteka jarraituta.
Egitasmoa “nahiko modu inprobisatuan” jarri zuen martxan elkarteak, gizarteak bizi duen ezohizko egoera honetan “animazio pixka bat” jartzeko helburuarekin. “Onartu beharra daukagu parte hartzeak gure aurreikuspen denak gainditu dituela eta, ondorioz, uste baino lan gehixeago ere eman digula, baina pozik gaude, eta egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Horrenbestez, eskerrak eman beharrean gaude parte hartzera animatu zareten guztioi. Eskerrik asko, bene-benetan!”, azaldu du Lagun Onak mendi bazkunak.
Bozketa fasea
Argazkiak bilduta, bihar, apirilak 28, irekiko da botoak emateko epea. Botoa emateko hiru modu egongo dira: webgunearen bidez, –www.lagunonakmb.org webgunean jarriko duten bozketa sistemaren bidez–, Facebook bidez –argazki guztiak Lagun Onak MBren Facebook orrira igoko dituzte, eta bertan bakoitzak jasotzen duen atsegin dut bakoitza boto bat izango da; Instagram bidez, biharko egunean zehar, argazki guztiak igotzen joango dira (hamarnaka, hori baita sare sozial honek uzten duen gehiengo argazki kopurua). Botoa emateko, argazki bakoitzaren publikazioan iruzkina idatzi beharko da, botoa ematea nahi zaion argazkiaren zenbakiarekin.
Maiatzaren 10era arte izango da posible botoa ematea, eta hurrengo egunean iragarriko dute zein izan den irabazlea. Irabazleak 60 euro eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartearen tabernan edo Xoxoteko aterpetxean bi lagunentzako afaria irabaziko ditu. Horrez gain, beste bi lagunentzako afari bat zozkatuko dute parte hartzaile guztien artean egingo duten zozketan.