Ertzaintzak emakume bat eta gizon bat atxilotu zituen asteartean, Aizarnazabalgo hilketarekin zerikusia izan zezaketelakoan. Zenbait hedabideren arabera, 20 eta 25 urte artean dituzte atxilotuek eta Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira.

Aizarnazabalgo hilketari lotuta, emakume bat eta gizon bat atxilotu zituzten asteartean. Ertzaintzak uste du 32 urteko emakume donostiarra hil izanaren ardura bi pertsona horiek dutela. Zenbait hedabideren arabera, 20 eta 25 urte artean dituzte atxilotuek eta Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira. Dena dela, Ertzaintzak sekretupean du auzia, eta UROLA KOSTAKO HITZAk ezin izan du baieztatu hori hala denik. EFE agentziaren arabera, biktimaren “ezagunak” dira atxilotutako pertsonak.
Urtarrilaren 4an aurkitu zuten emakumearen gorpua Aizarnazabalen, indarkeria zantzuekin. Zehazki, labankadaz hil zuten biktima. Inguruan lanean ari ziren pertsona batzuek aurkitu zuten gorpua, eta 11:00 aldera eman zioten abisua Ertzaintzari. Hurrengo egunean baieztatu zuten norena zen gorpua: egun batzuk lehenago desagertutako 32 urteko emakume donostiarrarena, hain zuzen ere. Urtarrilaren 1ean jarri zuen desagerpenaren salaketa haren bikotekideak.
Aizarnazabalgo landetxe batean ostatu hartuta zegoen biktima, eta handik gertu aurkitu zuten haren hilotza. Landetxe horretan bertan, gainera, Ertzaintzak hogei pertsona identifikatu zituen Urtezahar gauean legez kanpoko festa bat antolatzeagatik —eskualdeko zenbait lagun zeuden bertan—, eta Ertzaintza ikertzen aritu da ea hilketak festa horrekin lotura izan dezakeen ala ez. Gaur-gaurkoz, ez dute baieztatu atxilotuek festarekin zerikusirik dutenik. Aurrez aipatutako hedabideen arabera, atxilotutako gizona eta emakumea ez daude festan identifikatu zituzten pertsonen artean.
Atxilotutako pertsonak Azpeitiko epaitegian epaituko dituzte datozen egunetan.