Positiboen igoera "egonkortzea" eta "neurri murriztaileagorik hartu behar ez izatea" espero dute Zestoan
Alkateak oharra plazaratu du, "azken egunotan herrian COVID-19ak izan duen eraginaren berri emateko". Bost egunetan hamahiru positibo agertu ostean, eremu gorrira hurbiltzearen kezka agertu du Arregik. Hala ere, haurreskolako agerraldia "itxura guztien arabera kontrolatuta" dagoela eta eskola txikia berriro astelehenean irekitzea espero dutela jakinarazi du.

Koronabirusaren eraginari dagokionez lasai antzera ibili dira Zestoan aspaldian, baina azken egunetan gorakada izan dute berriro positiboek, eta oharra plazaratu zuen atzo Mikel Arregi alkateak, “azken egunotan herrian COVID-19ak izan duen eraginaren berri emateko”.
Bost egunetan hamahiru positibo zenbatu dituzte herrian, eta aurreko astean “Gipuzkoako intzidentzia tasarik txikienetan” egotetik, tasa hori 49tik 333ra igo dela azaldu du alkateak –datuen gaurko eguneraketaren zain, eremu laranjan dago, horrenbestez, Zestoa–, eta gaitzaren birsorkuntza tasa 2,17an kokatu da. “Oraindik ez gara 500eko tasara heldu baina datozen zortzi egunetan sei positibo baino gehiago izango balira eremu gorrian sartuko ginateke; eta 5.000 biztanle baino gutxiago dituen herria izanagatik, gure osasun eremuko bilakaera ikusirik, beste herri batzuekin gertatu den bezala Zestoa ere itxi egingo litzateke, bertako ostalaritza jarduerarekin batera”, ohartarazi du Arregik.
Eskola txikian agerraldia
Herriguneko eskola txikia, haurreskolako ikasleak hartzen dituena, itxita dago uneotan Zestoan, koronabirusaren agerraldi bat tarteko. Dena den, egoera laster bere onera etortzea espero du alkateak: “Zorionez, haurrei eta ingurukoei egindako frogen emaitza gehienak negatiboak izan dira, eta itxura guztien arabera agerraldia kontrolatuta dagoenez, gauzak ondo, datorren astelehenean eskola normaltasunera itzuliko litzateke”.
Positiboen igoera “egonkortzea” eta “neurri murriztaileagorik hartu behar ez izatea” espero dutela adierazi du Arregik, eta herritarrei mezu bat bidali nahi izan die: “Bizi dugun osasun egoera honi herri bezala guztiok batera aurre egiteko gai bagara, kalteak txikiagoak izango dira eta gure ongizateak ere berme handiagoa izango du”.