Beizama "bizirik mantentzeko" egitasmoaren aurkezpena egin dute gaur, ostirala, Beizamako Natur Eskolan. Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Europan federazioko ordezkariek parte hartu dute egitasmoan. Alokairupeko hamabi etxebizitza eraikiko dituzte Eskolaetxe eremuan, herriaren erdigunean, eta Europan arkitekto gazteen lehiaketatik erabakiko dute proiektu irabazlea.

Beizamako Eskolaetxe eremuan etxebizitza publikoak eraikitzeko proiektua aurkeztu dute gaur, ostirala, herriko Natur Eskolan. Izan ere, Beizamako proiektua aurkeztuko du Europan arkitekto gazteen lehiaketara Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaritzak. Aurtengoa 16. edizioa da, “Hiri biziak” lelopean; hain zuzen ere, horixe da eskualdeko herriaren helburua, biztanleriaren zahartzearen aurrean Beizama “bizirik mantentzea”.
Natur Eskolan egindako aurkezpenean parte hartu dute Peio Otaegi Beizamako alkateak, Xabier Rezabal udaleko arkitekto aholkulariak, Pablo Garcia Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak, Agustin Abia Lurraren Kudeaketa Zerbitzuko zuzendariak eta Carmen Imbernon Europan federazioko Espainiako idazkari nagusiak. Horrez gain, hainbat arkitekto gazte ere bertaratu dira aurkezpenera.
Beizama husten joatearen arazoa izan da aurkezpeneko gai nagusia, eta Xabier Rezabal arkitekto aholkulariaren arabera, etxebizitza publikoen proiektua “herritarrak mantentzeko eta inguruaz gozatzen jarraitzeko” bide bat da: “Beizamak beti izan duen arazoa da ez duela ahalbiderik etxebizitzak eraiki eta aurrera egiteko. Ideia da guztiontzat etorkizuna eta gune urbanoa bermatzea”. Peio Otaegi Beizamako alkateak ere aukera ona izan daitekela adierazi du: “Herri honetan dauzkagun gazteak eta inguruko herrietako jendea mendira begira daudela ikusten dugu. Ilusio handia dugu”.
Eskolaetxeko hamabi etxebizitza berriak bereziki gazteengan pentsatuta eraikiko dituzte, eta alokairupekoak izango dira —hala eskatzen du legeak—. Etxebizitzen %40a gutxienez gazteei gordeko zaie, laupabost behintzat.
Arazoen konponbidea
Duela bi urte Lasarte-Oria (Gipuzkoa) izan zen Europan arkiteko gazteen lehiaketan parte hartu zuen herria, eta aurtengoa Beizama izatea “testuinguru aldaketa” bat izan da Garcia zuzendariarentzat: “Eskariak biltzen diren lekuak lehenesten ditugu, baina garrantzitsua da hain eskari bizia ez duten herriez arduratzea”. Etorkizunera begira ere, landa eremuko etxebizitza proiektuak “aukera” bat direla esan du Garciak, “lan egiteko lurzoru gehiago izateko”.
Europan federazioko Espainiako zuzendariak, Carmen Imbernonek, adierazi du konpondu nahi den arazoa ezin egokiagoa dela: “Nola birpopulatu landa guneak? Benetako arazo bat da. Asmoa da [Beizamako etxebizitzak] ereduzkoa izatea eta beste lekuetarako inspirazioa izatea”. Interesa piztu dute Beizamako etxebizitza berriek, Europan arkitekto gazteen lehiaketan izen emate gehien dituen proiektua baita.
40 urtetik beherako arkitektoek parte hartu ahal izango dute Europan lehiaketan. Bi fase izango ditu lehiaketak; lehenengoan, datorren urri erdialdera aurkeztutako proiektuen %20 hautatuko dituzte Beizamako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europan federazioaren epaimahaiek. Ondoren, abenduan, federazioko epaimahaia izango da irabazlea hautatzeko arduradun.
Aurkezpena amaitu ostean bertaratuak kalera atera dira, Eskolaetxe eremuko lursaila ikustera. Aste honetan hasi dira lanean Lurraren Kudeaketa Zerbitzukoak, bertako zuzendari Agustin Abiak esan bezala. Eskolaetxeko lurra ari dira ikertzen horiek, etxebizitzak eraikitzeko orduan kontuan izateko, eta hilabete batean edo bitan jasoko dituzte emaitzak.