Txikitasunean Handi asteburuaren barruan, Arrua Bira mendi buelta egin zuten atzo Arroabean. Artisauen eta baserritarren azoka egingo dute gaur.
Txikitasunean Handi asteburua ospatzen ari dira egunotan Arroabean, auzoko Txikitasunean Handi elkarteak antolatuta. Ostiraleko bertso tramarekin hasi zituzten ekitaldiak, eta atzo Arrua Bira mendi buelta egin zuten hainbat auzotarrek. Jende ugari animatu zen txangoan parte hartzera, eta, gainera, Zumaiako mugarrien bira egiten ari direnekin topo egin zuten San Lorenten; giro ederra sortu zen bertan. Arratsaldean, Txikitasunean Handi IV. Mus Txapelketa jokatu zuten tabernetan, eta gauean, erromeria izan zen Iratzar taldearekin.
Gaur, igandea, bestalde, baserritarren eta artisauen azoka egingo dute, Txara denda eta kooperatibakoekin elkarlanean antolatuta. Arroabean orain arte egin izan den era horretako azokarik handiena izango da igandekoa. Barazkiak, ogia, gazta, eztia, marmelada, sagardoa, arropak eta osagarriak, bitxiak, ukenduak, xaboiak, egur lanak… Askotariko produktuak ikusgai eta salgai jarriko dituzte inguruko baserritarrek eta artisauek azokan, eta taloak dastatzeko aukera ere izango da. 10:00etatik 14:00etara jarriko dituzte postuak, auzoan zehar.