‘39 lore’ liburua argitaratu berri du Amancay Gaztañagak, eta gaur Durangoko Azokan aurkeztuko du, 17:00etan. Saiakera eta antzezlana uztartu ditu zestoarrak, besteak beste, bere lehen literatur lanean.

Zer topatuko du irakurleak 39 lore liburuan?
Liburua tripitiko bat da. Lehenengo zatian, emakumearen eta sorkuntzaren inguruko saiakera bat dago; bertan azaltzen dut fikzioaren %93 gizonek eraikita dagoela eta haien eskuetan dagoela. Hori dela eta, emakume sortzaileei gelditzen zaigun espazioa zein den eta espazio hori nola jorratzen dugun kontatzen dut lehenengo zati horretan. Bigarren zatia, berriz, antzezlana da. Ganbila bildumarako sortu dut, eta originala da. Antzezlan oso fantastikoa da, baina irakurtzeko dago idatzita; beraz, ez dago oholtzaratu beharrik. Alde horretatik ez nuen mugarik, eta aske sentitu naiz liburua sortzerakoan. Liburuak badu hirugarren zati bat ere, bestiario bat. Antzezlanean agertzen diren emakume denen jatorri originala jaso dut bertan. Teatro klasikotik dator bestiarioa, eta aurkibide bat da. Bertako irudi guztiak zein liburuaren azala Arrate Rodriguezek egin ditu; beraz, irakurleak Arrateren irudi ederrekin ere egingo du topo 39 lore liburuan.
Lehen zatia saiakera dela esan duzu, eta hor emakume sortzaileek duten espazioa jorratu nahi izan duzu. Zergatik?
Nire egunerokoan topatzen dudan zerbait delako. Enkargua eman zidatenean, nahi nuenaz idazteko aukera eman zidaten, eta nahi nuen horri tiraka, konturatu nintzen hori ere kontatu nahi nuela.
Emakumea eta sortzailea zara zu. Oztopo askori egin behar izan al diezu aurre sorkuntzaren esparruan?
Oztopoa baino, lan egiteko geratzen zaizun lekua da azpimarratzekoa; hau da, zenbat espazio uzten dizuten izateko. Beraz, oztopoak baino gehiago, espazioa falta dela esango nuke. Gizonezkoen eskuetan dagoen zerbaitetan bizi eta mugitu beharrak deserosotasuna sortzen dizu.
Nondik heldu zitzaizun liburua sortzeko ideia?
Susa argitaletxeak eta EHAZEk luzatu zidaten eskaera, eta bi urte eman ditut lan hau gauzatzen. Nire lehen liburua da honakoa, eta horrekin ere urduri nago. Dena den, oso gustura gelditu naiz emaitzarekin.
Literaturan debuta egin duzu. Zer moduz sentitu zara arlo horretan?
Oso atsegina izan da, eta asko gozatu dut. Gustura jardun dut buruari bueltaka, eta intimitate handian sortu dut, gainera, liburua. Intimitate hori publiko bihurtzen den zatia dator orain; idazlearentzako zatirik zailena, beraz. Hala eta guztiz ere, oso-oso gustura sentitu naiz.
Zer kontatzen du liburuko antzezlanak?
Neska gazte bat du protagonista. Ezleku batean bizi da, eta ezleku horretan bi pertsonaia falta dira. Beraz, bere eginbeharra da haien bila ateratzea. Hori da istorioaren sinopsia.
Oholtzara iritsiko den antzezlan baten abiapuntu izan al daiteke liburua?
Izan daiteke, bai. Antzezlana hor dago idatzita, norbaitek edo nik neuk egunen batean heldu nahi badiot ere.
Zure proiektuetako bat ere izan daiteke, beraz.
Posible da, baina ez dut asmo horrekin idatzi. Izan ere, nire buruari erabateko askatasuna eman nahi izan diot antzezlana idazteko orduan; pertsonaia pila bat daude, eszenografikoki oso eroa da… Eta gauzatzeko diru asko beharko litzateke, beraz… Guk ez dugu edukitzen horrenbeste diru [barreak].
Ganbila bildumaren helburua da antzerkia liburuetara eramatea. Zer hutsuneri egin nahi zaio aurre?
Euskarazko antzerki testuak egotea oso garrantzitsua da, sortzaile guztientzat ondare bat uzten ari zarelako. Oso garrantzitsua da beste batzuek egin dituzten testuak eskura edukitzea ere, bai ikasleekin jorratzeko, bai aktore bezala edukitzeko, bai entrenatzeko… baita herri gisa kultura ondare bat uzteko ere. Hori da Ganbila egiten ari dena, eta garrantzi handia du. Zer litzateke Ingalaterrako antzerkia, Shakespeareren testurik gabe? Imajinatu ez balituzte gorde izan. Gaur egungo iruditegi inportanteenetako bat ez litzateke existituko. Horregatik da inportantea testu denak idatzita uztea.
Liburuaz gain, Azpeitian estreinatu zenuten orain gutxi Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana, eta hainbat emanaldi ari zarete egiten. Nolako harrera ari da izaten?
Harrera oso-oso ona izaten ari da. Emanaldi pila bat ari dira ateratzen, eta oso gustura gaude. Plazera izan da sorkuntza prozesua, eta plazera izaten ari da plazaratzea ere. Izugarri ondo pasatzen dugu egiten, eta publikoak ere oso ondo pasatzen du.