Espainiako Gobernuak bihar onartuko du aire zabalean maskara janztera derrigortzeko erabakia, lege dekretu bidez. Gaur egin dute bilera Sanchez Espainiako presidenteak eta autonomietako presidenteek, eta hainbat gai izan dituzte hizpide. Txertaketa indartzea helburutzat jo du Espainiako presidenteak, eta hainbat argibide eman ditu.
Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian kalera atera dira hango anbulatorioetako langileak, eta "berehalako konponbideak" eskatu dituzte bizi duten egoerari aurre egiteko. Besteak beste, "pertsonal gehiago" behar dela azpimarratu dute. Zumaian arratsaldean herritarrek egin dute protesta, oro har, osasungintza indartzea eskatzeko.
Urteroko ohiturari jarraitzea erabaki dute gazte asanbladako kideek, eta babarrun jana eta musika emanaldia antolatu dituzte abenduaren 26rako. Egun horretan ospatzen dira Zestoako Zoroperiak, baina aurten udalak bertan behera utzi ditu jai ofizialak, osasun egoera dela eta.
Bosgarren sariaren zati bat egokitu da Azkoitian zein Aizarnazabalen. Hain zuzen ere, 89.109 zenbakia izan da sariduna. Zenbaki horren 395 dezimo saldu dituzte Jausoro auzoko Ogi Berri kafetegian eta Aizarnazabalgo Troxka tabernan. "Pozez eta emozioz" hartu dute berria Azkoitian zein Aizarnazabalen.
Erdi mailako parekidetasun teknikaria, kirol teknikaria eta arkitektu tekniko postuak dira udalak behin betiko izaera emango dienak. Langileen hautaketarako lehiaketa oposizioa egingo du erakundeak, eta urtarrilaren 18a izango da horretarako izena emateko azken eguna.
Kulturaz kooperatibaren jardunaren inpaktu ekonomikoa, soziala eta kulturala neurtu ditu Kultibak. Hainbat herritarren eta kultur eragileren laguntza izan dute horretarako.
COVID-19 gaitzak herrian eragindako egoera dela eta, aurtengoz Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, haurren eskutitzak jasoko dituzte.
Gernikan larunbatean jokatu zen erronkako lau pilotariak ariko dira Zumaian lehian; tartean, Lopez eta Goikoetxea. Zumaiako lau pilotarik jokatuko dute lehen partida.