Bidegorriko tuneletako azpiegiturak berrituko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lanean ari diren garaian, bidegorriko erabiltzaileen pasabidea "erabat itxi" beharra dutela esan du erakundeak; dena den, asteburuetan eta jaiegunetan irekita egongo dira. Datorren astean hasiko dira lanean.

Gipuzkoako bizikleta bideen sarea mantentzeko lanak egin ohi ditu Foru Aldundiak. Mantenu lan horien barruan, Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorriko Aizkibel, Ikusitza, Larregi eta Arkidi tuneletako azpiegiturak berrituko dituzte; besteak beste, tuneletako argiztapen sistema berrituko dute.
Lanak egiten ari diren bitartean, baina, erabiltzaileentzako pasabidea “erabat itxi” beharko dutela esan du erakundeak. Datorren astean, urtarrilaren 17koan, hasiko dira lanean bidegorriko tuneletan, eta lanak egiteko hiru aste beharko dituztela aurreikusi dute. “Berritu beharreko instalazio horietako batzuk bidegorriko tunelen barruan daude, eta mantentze eta konponketa lanak egin ahal izateko ezinbestekoa da erabiltzaileen pasabidea erabat etetea”, azaldu du erakundeak.
Bidegorriko azpiegiturak berritzeko lanak astelehenetik ostiralera eta egunez, 08:30etik 18:30era, egingo dituzte. Ordutegi horretatik kanpo nahiz jaiegunetan eta asteburuan bidegorriko tunelak irekita egongo dira, eta erabiltzaileek haietatik pasatzeko aukera edukiko dute.