Gaur ziren egitekoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gurasoak egitasmoaren barruan antolatutako saioa, baina otsailaren 9ra atzeratu dute. Egun horretan alkoholaren, tabakoaren eta kanabisaren kontsumoaren inguruko informazioa emango dute Alonderoko aretoan, 18:00etan hasita.

Zestoako Udaleko Gazteria Sailak jakinarazi duenez, atzeratu egin dute gaur Zestoan eskaintzekoak ziren substantzien kontsumoaren inguruko hitzaldia. Hain zuzen, otsailaren 9ra atzeratu dute solasaldia, eta egun horretako 18:00etan jarri dute hitzordua Alondero aretoan. Hitzaldi horretan parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute, Gaztelekuko 688 68 40 29 Whatsapp zenbakira idatzita. Gutxienez, hamar laguneko taldea osatu beharko da saioa egin ahal izateko.
Substantzien kontsumoa. Zer egin dezake familiak? izenburupean emango du Irati Lezamak. Hitzaldiaren helburua da familiei beren seme-alaben heziketan izaten den kezka handienetako bati buruzko informazioa ematea; hau da, nerabeen eta gazteen artean izaten den substantzien kontsumoaren inguruko argibideak ematea, batez ere, alkoholaren, tabakoaren eta kanabisaren ingurukoak.
Treba Gurasoak egitasmoaren barruan, beste hitzaldi bat ere emango dute Arroabean, Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean, izenburupean. Hitzaldi hori Donna Apellanizek eskainiko du, eta data zehazteko dago oraindik. Treba Gurasoak prestakuntza egitasmorekin, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatzea da asmoa, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea nahiz aukerak hobetzeko.