INE Espainiako Estatistika Erakundearen arabera, Aiak, Aizarnazabalek, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok eta Zumaiak biztanleria irabazi dute azken urtean; aldiz, Beizamak, Getariak, Zarautzek eta Zestoak, galdu. Errezilen, berriz, kopuru berari eutsi diote.

INE Espainiako Estatistika Erakundeak biztanleriaren inguruko datuak berritu ditu, eta horien arabera, urtebetean 70 biztanle irabazi ditu Urola Kosta eskualdeak. Zehazki, 2020aren bukaeran 76.406 lagun bizi ziren eskualdean, eta 2021aren bukaeran, 76.475.
Herriz herriko datuei erreparatuta, ez dago biztanleria irabazteko joera orokorra dela esaterik, sei herritan kopuruak haztera egin duen arren, beste lautan murriztera egin baitu. Biztanleria irabazi dute Aiak, Aizarnazabalek, Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok eta Zumaiak; galdu egin dute Beizamak, Getariak, Zarautzek eta Zestoak; eta Errezilen lehengo kopuru berari eutsi diote.
Urtebetean biztanle kopuruan igoerarik handiena izan duen herria Azpeitia da. 2020an 15.106 zituen, eta orain 85 gehiago, 15.191 hain zuzen. Kontrara, Zarautz da urtebetean galerarik handiena izan duen eskualdeko herria: 23.271 biztanle ditu, duela urtebete baino 89 gutxiago.
Hona hemen herriz herriko datuak: