Irailaren 6an egingo dute 'Bira bat, 100 mundu' lelopean mendea beteko duen antzezpena, eta urteurrena aitzakia hartuta, ekitaldia gaur egungo kontakizuna izan dadin lanean ari dira udala eta herritarrak joan den irailetik. Hausnarketa horren emaitza plazaratu dute 51 orrialdeko txostenean, eta hori oinarri hartuta jarraituko du talde batek lanean, iraileko antzezlanari begira erabakiak hartzen eta xehetasunak lotzen.

2021eko irailetik abendura Elkanoren Lehorreratzearen herri antzerkiaz hausnartzeko bilerak eta elkarrizketak egin zituen Getariako Udalak herritarrekin eta eragileekin. Atzo, egitasmo horren emaitza plazaratu zuen udalak, eta 51 orriko txostena jarri du herritarren eskura –albiste honen amaieran ikusi eta deskargatu daiteke txostena–.
Ideia orokorrak zein zehatzak bildu dituzte txostenean, eta hurrengo urratsa izango da txosten horretan jasotakoa 2022ko Lehorreratzean zer eta nola txertatu daitekeen zehaztea. Lanketa hori Getariako Udalak gidatuko du, talde eragiletik ateratako herritar taldetxo baten laguntzarekin.
Aurten 100 urte beteko dira antzezlana lehen aldiz egin zenetik, eta 500 urte, lehen mundu bira osatu zenetik. Hala, Bira bat, 100 mundu lelopean egingo da aurtengo ekitaldia, irailaren 6an. Urtemuga horiek aitzakia hartuta egin da hausnarketa prozesua, getariarrentzat hain garrantzitsua den kontakizuna eguneratzeko eta gaurko garaietara ekartzeko.
Parte hartze prozesuan “behin eta berriz errepikatu” dutenez, ordea, “moldaketak gradualak” izango dira, “ondo landuak, Lehorreratzearen izaera zainduz, denboran egonkortu daitezen. Era berean, ausardia puntu bat ere eskatu da, Lehorreratzearen bitartez Getariak bere mezu propioa helaraz dezan mundura”, azaldu dute txostenaren egileek.
Txostenean jasotakoaren arabera, karrozen pasartea beste modu batean irudikatzea proposatzen da, eta marinelen papera egin behar dutenak “argalak” izatea. Txostena osorik irakurri nahi ez duenak, hemen du laburpena planteatzen diren aldaketa eta puntu nagusiekin:
1.-Birpentsatu beharrekoa
Laburbilduz, honako puntuak birpentsatzea proposatu dute txostenean: batetik, kontakizuna bera. “Ezagutzari begirada berriak jarrita, kontakizunak moldaketak eskatzen ditu, datu batzuk zehaztu edo ñabartu, elementu berriak sartu eta beste batzuk indartzeko”. Bestetik, antzezpena. Izan ere, kontakizunaren moldaketen arabera, eszenografia egokitu beharko da.
Komunikazioari dagokionez, “nahiz eta azken urteetan Elkanoren figura eta mundubiraren nondik norakoak ezagutzera emateko ahalegin berezia egin den, transmisio horri bultzada eman” daitekeela uste dute. Horrez gain, parte hartzeari eta parekidetasunari bultzada eman nahi zaie.
2.-Kentzea eta gehitzea proposatzen dena
Gertaera batzuen kontakizuna murriztu edo zuzenean kentzea proposatu da, “gaurko garaira egokituz”. Hala, Elkano erregearengana doan pasartea kentzea proposatzen da, “Elkanok jaso zuen aitortzaren aipamena beste modu batera islatuz; Elkanok jaso dezala armarria elizan”.
Bestalde, mezu berriak ere txertatu nahi dira: munduari bira eman ostean ontzian 18 marinelez gain hiru indigena ere etorri zirela eta Cabo Verden 13 lagun geratu zirela, eta aurreneko mundu birak, “argiez gain, itzalak ere” izan zituela: sufrimentua, gatazkak, eraginak… “maila eta dimentsio desberdinetan”: eskifaian, zain geratu zen herrian, topatutako beste herrialdeetan, espedizioan zehar…
3.-Mantendu nahi dena
Ekitaldiak baditu hainbat pasarte eta xehetasun mantendu nahi direnak, eta horietako garrantzitsuenak jasota gelditu dira txostenean:
-Gertakari historikoaren adierazpena. Getariako historia kontatzen eta aitortzen du.
-Herri guztiaren elkarlana ematen da.
-Azken urteetan barneratu diren aldaketak: herriko eragileen presentzia agintarien komitiban, mutilen presentzia karrozetan…
-Ekitaldiaren antolaketa: kanpotik datozenek ikusten eta baloratzen duten zerbait da, oso ondo antolatuta dagoena.
-Lau urtean behin egitea, lan asko eskatzen duelako.
-Ekitaldiaren planteamenduan: herria zain dela itsasontzia portura heldu eta elizara doazenerako tartea; musikaren eta soinuaren papera eta trataera; eta frontoian jartzen diren pantaila handiak, batez ere nagusiei zuzenduta.
4.-Parte hartzea eta parekidetasuna
Lehorreratzean parte hartzeko aukerak zabaldu egin nahi zaizkie getariarrei; antolaketa eta logistikaz gain, nahi dutenek bestelako paper bat ere hartzeko aukera izan dezaten.
Hala, Lehorreratzea antzezlan bat izanik, figura edo pertsonaia bakoitzak bete beharreko irizpide batzuk definitzea proposatu dute. Pertsonaiaren arabera, irizpide horiek zorrotzagoak edo arinagoak izango dira. Adibidez: marinel papera egingo duenak argala izan beharko du (goserik eta oso ahul iritsi zirela badakigulako); Elkanoren papera beteko duenak halako baldintzak bete… Irizpide horiek betez gero, eta karakterizazioa baliatuta, edozein getariarrek izango luke zozketaz parte hartzeko aukera –herrian bizi direnak, gizon zein emakume–.
Aukeratua suertatzen denari, bi ediziotan parte hartzeko konpromisoa eskatzea planteatzen da, zenbait paperek prestaketa eskatzen dutelako.
Azken Lehorreratzean bertan behera geratu zen oinordekotza, itsasontzian doazen tripulatzaileen kasuan. Ordutik, tripulatzaile papera bete izan dutenek utzitakoan, partaide berriak zozketaz aukeratzen dira. Oraindik, ordea, zenbait marinelek ez diote paper horri uko egin. 2022ko ekitaldiari begira, pixkanaka irizpide berriekin lan egiten hastea proposatu da, orain arte eginkizun hori bete dutenei merezi duten aitortza eginez. “Paper horretarako definitutako irizpideak betetzen ez dituztenek naturalki eman beharko liekete lekukoa partaide berriei”, baina lanketa zuzenat egingo da oraindik ere tripulatzaile direnekin, haien ekarpena eskertuz eta aitortuz.
5.-Kontakizuna
Zenbait mezu indartu egin nahi dira:
-Elkano nolakoa zen: euskalduna, itsas merkataria, itsas nabigazioan ezagutza zuena, egiteko era jakin batzuk zituena..
-Getariako herriaren presentzia eta izaera, garai hartan.
-Merkataritza helburua izan zuen espedizioa izan zela: espezie eta diru-iturrien bila irten ziren.
-Bidaiari ekiterako, eta bidaian bertan, eskifaiak jakintza eta ezagutza asko zuela –orientazioa eta abar-, eta horri esker lortu zutela lortutakoa.
-Elkanok egindakoagatik jaso zuela errekonozimentua: armarria; eta Getariako herriak aitortzen diola mundu biraren lorpena espedizioari.
-Mundu birak ekarri zuena: balentria, aniztasuna, mundu koloretsu baten aurkikuntza, elkar-ezagutza zabala, kultura desberdinen lotura…
-Mundu bira gauzatu zuen espedizioak mundu anitza aurkitu zuela; eta gaur ere mundu anitzean bizi garela.
6.-Antzezpena
Antzezpenean planteatutako aldaketen inguruan zenbait aukera landu eta jaso dira txostenean:
-Itsasontziak portura iristen direneko unea oro har bere horretan mantendu nahi da–ontziak, soinua…– tripulatzaileen moldaketa barneratuz, hau da, 18+3 marinel izatea.
-Tripulazioaren ezagutza adierazteko balio dezake itsasontzia porturatzen denean marinelek, kateak ekarri ordez, bestelako elementu batzuk erakusteak –itsas mapak edo antzerakoak–.
-Merkataritza helburua espezie eta antzeko elementuekin irudika daiteke.
-Garai hartako Getaria eta getariarrak nolakoak ziren, bizimodua, Elkanoren familia, emakumeen rola gizarte hartan… portua zein kaleak jantzi daitezke eta horren irudi izan.
-Elizako pasartea gaur egun bezala irudikatzen da, Elkanok Getariara iristerakoan bisitatzeko egin zuen promesa gogora ekarriz; eta Elkanok garaiko erregearen aldetik jaso omen zuen armarria beste modu batean irudikatzea proposatzen da, elizako pasartean barneratuz.
-Aniztasuna eta mundu birak kontinente berriekiko suposatu zuen ezagutza eta harremana: gaur egungo karrozen atalaren ordez, egoki ikusi da kontinenteen aniztasuna islatuko duten delegazioen ideia esploratzea.
7.-Komunikazioa
Bestelako euskarri batzuk balia daitezke kontakizuna lantzeko Lehorreratzearen aurretik, bertan eta ondoren, eta ezagutza horren transmisioa hobetzeko. Adibidez: eskuorri edo antzekoak, ekitaldian bertan banatzeko edo aurrez ikastetxeetan lantzeko, megafonia bidez egiten den narrazioa…