Hileko lehen ostiralarekin batera badator GUKA magazinaren atal berria. Ostiralean, 22:00etan hasita, ikusgai izango da UKTren tokiko webguneetan eta Erlo Telebistan. Besteak beste, Leire Ventas eta Mikel Aiestaran kazetariei 'Parean eta pareko' atalerako egindako elkarrizketaren aurrerapena, Xabier Sukia kazetari oriotarrari egindako elkarrizketa eta 'Urrutira joan gabe' atalean Aratz Errekan egindako ibilaldia ikusteko aukera izango da ostiraleko saioan.
Irailean amaituko da Elkano Fundazioaren jarduna. Datozen hilabeteetan abestia eta bi argitalpen plazaratuko dituzte, eta hainbat jarduera akademiko antolatuko.
Espainiako Kongresuan bihar bozkatuko duten lan erreformaren aurka kalera atera dira hainbat herritar gaur goizean. ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deialdiei erantzunez, Urola Kostako enpresen atarietan nahiz beste hainbat lekutan egin dituzte kontzentrazioak.
Joan den asteko ohiko udalbatzarrean onartu zuten TAO ordenantzaren aldaketa, aho batez. Mahai tekniko-politikoan balorazioa egin eta gero eraman dute gaia plenora.
"Herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz", Zestoako norabideko autobus geltokia herrigunera gerturatzeko eta hara iristeko espaloia egiteko proiektua egin du udalak. Era berean, Zarautzera aldeko geltokiaren parean semaforo bidezko oinezkoentzako pasabidea egin nahi du. Aldundiaren oniritzia jaso du erakundeak, eta URAren baimena falta da obrak egiten hasteko, lanak Intxillarte errekaren gainean egitea aurreikusten dutelako.
Kontzertua, hitzaldia, zine emanaldia, pintxo potea eta dardo txapelketa antolatu dituzte, eta hilaren 11tik 24ra bitartean izango dira ekintzak.
Hargin-lanek 4.500 euroko kostua izan dute. Epe ertainean, inguruan lan gehiago egingo dituzte.
Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren pandemiari lotuta hartutako neurri murriztaileak luzatu egin dituelako aldatu du data Kulturazek. Hilaren 12rako sarrerak erosita zituzten baina dirua itzultzea nahi duten herritarrek otsailaren 19a baino lehen egin beharko du eskaera.
Besteak beste, inguru horretako oinarrizko azpiegiturak lurperatu, oinezkoen eremua txukundu, gune berdeak berritu, aparkalekuak egokitu eta argiteria berrituko du erakundeak. Art eraikuntza enpresak egingo ditu lanok, lau hilabeteko epean.
Auto istripua izan da A-8 autobidean, Getaria parean, Oikiako tunelera iritsi baino lehen, Bilborako norabidean, eta 5 kilometroko auto pilaketak daude une honetan. Ertzaintzak jakitera eman duenez, lau ibilgailuk elkarren aurka jo dute 07:55ean, eta zauritu arin bat suertatu da. Garabiak eremura heldu zain daude, ibilgailuak bertatik kentzeko.