Joan den asteko ohiko udalbatzarrean onartu zuten TAO ordenantzaren aldaketa, aho batez. Mahai tekniko-politikoan balorazioa egin eta gero eraman dute gaia plenora.

Aste Santutik aurrera, zenbait aldaketa izango dira aparkalekuak arautzeko sisteman. Udalak mahai tekniko-politikoko balorazioak eta herritarren ekarpenak jaso ondoren, joan den asteko ohiko udalbatzarrera eraman zuen gaia, eta aho batez eman zioten hasierako onarpena ordenantzari.
Egoiliarrentzat gordetako guneak bost baziren orain arte, hiru izatera pasako dira udaberrian: 1. eremua osatuko dute Ardantzabideak, Alde Zaharrak, San Jose kaleak eta Arrangoletak –Zubitxikitik herrigune alderako gunea–; 2. eremua Zubitxikitik beste alderako auzuneak izango dira; eta, azkenik, 3. eremua osatuko du Larretxok.
Errotazio handiko aparkaleku gehiago izango dira, bestalde, udan. Arranplako gunea handituko dute: gune horretan zeuden egoiliarren aparkalekuak errotazio handikoak izango dira, eta errepidearen bestaldean dauden Amaia plazako aparkalekuak ere bai.
Kiroldegi aurreko aparkalekuak, berriz, egonaldi ertainekoak izango dira –Sagarbide-GKN guneko aparkalekuen gisan–; 10 orduz utzi ahal izango dira ibilgailuak gune horretan.
Aldaketak ikusgai
Ordenantza agerraldi publikoan dago, eta aldaketen berri dakarren dokumentua ikusgai jarri dute partaidetza.zumaia.eus webgunean.